Alde zaharra birgaitzeko 19 proposamen onartu ditu Herritarren Aholku Kontseiluak

Eneko Azurmendi 2021ko urt. 21a, 19:04

Azkenekoz aldatu zutenetik ia 30 urte pasa ostean, martxa hartzen doa Alde Zaharreko Plan Berezi berria. Hainbat ordezkari politikok eta eragilek osatzen duten Hirigintzako Aholku Kontseiluak, herritarren proposamenez gain, Udal Gobernuaren proposamenak batu ditu. Zehazki, 25 proposamen eduki dituzte mahai gainean eta horietatik, 19 onartu dituzte.

Berez kontseiluak erabakitakoa loteslea ez den arren, Udal Gobernuaren irizpidea izango da adostutakoari kasu egitea. Hauek dira onartutako proposamenak:

  • Esparruaren antolaketa bi gunetan egitea, alde zaharra bitan banatzea: ondare babestua den almendra eta gainontzekoa, eraldatzeko malguagoa izango litzatekeena. "Eskatuko ditugun aldaketa guztiak Eusko Jaurlaritzak onetsi behar ditu, baina babestutako gunetik kanpoko aldaketak errazago egin ahal izango ditugu”, azaldu du Ibon Arrupe Hirigintza, Ingurumen eta Mugikortasun Batzordeburuak.
  • Sotoak eraikitzeko aukera izatea: arkeologia esparruko araudia betetzeko baldintzapean.
  • Toldoak: egun, ezin dira toldoak ezarri, soilik azken solairuko terrazan, hortaz, toldoak jartzeko baldintzak zehaztu eta toldoak jartzeko aukera baimentzea.
  • Begiratokiak: egun araudiak ez du lagatzen begiratoki berririk egiterik, eta daudenetatik batzuk babesten ditu, ez denak. Proposamen berriak irizpideak jasotzen ditu begiratoki dagokienez, izan zaharrak edo berriak.
  • Arotzerien materialetan aukera zabalagoa edukitzea: proposatzen da, esaterako, arotzerien materialen artean egur imitazioa onartzea.
  • Behe solairuko baoen (etxebizitzetako hormetako tarte libreak) konposaketa. Baoen inguruko araudia nahiko zorrotza da. Legedian jasota dago baoek proportzio bertikala behar dutela izan, hau da altueran luzeagoak behar dutela izan zabaleran baino. Proportzio bertikala deuseztatzeko proposamena egin da.
  • Partzelak batzeko aukera eta baita hutsik dauden espazio libreak finkatzea, espazio publikoa handitzeko helburuarekin. "Partzela batzuk oso estuak dira eta horien espazioa handitzea da asmoa". 
  • Eraiki gabeko espazio libreak finkatzea. Biteri plazako eta Ferrerias kaleko berdeguneak, Irati taberna ondokoak. "Partzela horietan eraikitzeko aukera dago egun, baina kontseiluak onartu du espazio horietan eraikigarritasun eskubidea kentzea, inguruari arnas apur bat emateko". Hala, ezingo da eraiki partzela horietan.
  • Eraikinetan jarduteko irizpide berriak. Eraikinetan jarduteko irizpideak berritzea, esaterako, Iturriotz kaleko 13 zenbakia egun ekipamendua dena etxebizitza erabilerara aldatzea edo zeharkale estalia 1 eta erdiko kale 11 partzelen berrantolaketa.
  • Iturriotz 13. Alai zinema eraikina. Ekipamendu pribatu eran dago jasota Alde Zaharreko Plan Orokorrean. "Proposamena da ekipamentu pribatu izaera mantenduz, etxebizitzak egiteko aukera ere eskaintzea, hainbat baldintza betez eta karga urbanistikoak ordainduz". Eraikin osoa hutsik dago egun.
  • Zeharkale estalia 1 eta Erdiko Kalea 11 blokea. Udaletxearen atzeko eraikina. Etxebizitza eraikina da. Erabilera aldaketa egitea proposatzen da, ekipamendu erabilerara igaroz. Urteetan zehar Udala etxebizitzak erosten joan izan da eta erdia baino gehiago udal jabetzakoa da dagoeneko. Hori dela eta, eraikin horretan hainbat udal zerbitzu daude, baina behin-behinekoz egokitutako geletan: informatikariak, hirigintzako hainbat alor eta abar. "Beraz, proposamena da etxebizitza izaera kendu eta izaera publiko izatera pasatzea bloke guztia. Gero, proiektu urbanistiko bat egin eta ikusi egin beharko litzateke zeharkale estalia kendu, mantendu edota ze erabilera eman. Asmoa da, atzeko bloke guztia udal jabetzakoa izatea, udaletxearen luzapena izan dadin egunen batean".
  • Araudiaren betetzea, bai eraikuntzaren babes mailaren arabera, bai interbentzio graduaren arabera. Alde Zaharreko monumentu izaera duten eraikuntzetan araudiak zurruntasun maila handia duela ikusita hobekuntza proposamenak daude. Hortaz, araudia betetzea lehenetsiz, eraikuntzaren babes maila eta interbentzio gradua ere kontuan hartzea eskatzen da mantentze lanetarako.
  • Irisgarritasuna. Alde Zaharra ere ardatz izanik, irisgarritasun planean aldaketa batzuk ere eskatu dira.
  • Birgaitze/kontserbatze dirulaguntzak. Birgaitze eta kontserbatze lanetarako laguntzak ordenantza fiskalen bitartez arautzea proposatu dute bestetik, urtero gainbegiratzen direlako. Karkabak liberatzeko prozesuari lehentasuna ematea ere proposatu da.
  • Karkabak. Birgaitze eta kontserbatze lanetarako laguntzak ordenantza fiskalen bitartez arautzea proposatu dute bestetik, urtero gainbegiratzen direlako. Karkabak liberatzeko prozesuari lehentasuna ematea ere proposatu da.
  • Alde Zaharreko Plan Berezira egokitzeko irizpideak egoki zehaztea.
  • Zuntz optikoa ezartzea. Beste proposamen batean zuntz optikoa ezartzea eskatzen da. "Izan ere, arazo handiak ditugu lurretik jartzeko, lurperatzea eskatzen duelako. Guk baimena ematen dugu, baina baimen hori lurperatzearekin lotuta dago eta lurperatzea norberak ordaindu behar du. Egun indarrean dagoen planak ez du uzten aireko lineatik pasatzea, baina plan berriarekin, ahalbidetu egingo du, karkabak eta aleroak erabilita. Hala, aukera egongo da lurperatu gabeko zuntz optikoa jartzeko. Froga egingo dugu ea modu horretan funtzionatzen duen".
  • Hirigintza kargen kalkulua. Hirigintza kargen kalkuluari dagokionez, kargak indarrean dagoen hirigintza araudira egokitzea eskatzen da, eta igogailuei dagokienean hiru proposamen luzatu dituzte igogailuak teilatutik haratago eraiki ahal izateko: altuera neurri jakin bat igotzen baimentzea (50cm), teilatuaren malda gehitzen uztea (%1) eta teilatuaren hegala eraldatzea.
  • Igogailuak jartzeak teilatuetan duen eragina onartzea Alde Zaharreko Plan Berezian, bi eratara: teilatuaren anguloa handituz eta fatxadan metro erdi altxatzea baimenduz. Horrekin, Alde Zaharreko azken solairuetara bitarte iristea bermatzea lortuko litzateke.

Beste bi proposamenetan kontseiluak ez du iritzi bateraturik azaldu, iritzi kontrajarriak izan dituztelako:

  • Garajeak sotoan eraikitzea. "Asmoa baldin bada alde zaharretik autoa ateratzea, garajeak jartzea ez dator bat".
  • Behe solairuen erabilera. Proposamena zen solairuak erabiltzeko irizpideak kokapenaren eta inguruko gune publikoen araberakoak izatea.

Beste bitan, aldiz, ez da azaltzen ez alde eta ez kontra, ez da posizionatu:

  • Iturriotz 29. Eranskina dauka: elizaren kantoiarekin bat egiten duena. Alde Zaharreko Plan Berezian bertan eremu publiko bat sortzea dago aurreikusia egun. Eranskin hori mantentzeko aukera ematea proposatu da.
  • Arrasate pasealekua 6. Lur zati pribatu baten barruan kokatutako eranskina da. Botatzea dago aurreikusia egun. Proposamena da Plan Berrian mantentzearen aukera mahai gainean jartzea.

Kontseiluan onartutakoa berretsi ostean, Hirigintza batzordeak tramitatzeko dokumentua prestatuko du eta ondoren, Eusko Jaurlaritzak, txosten loteslea egin beharko du, babestutako ondarea delako. Horren ostean, osoko bilkurak emango dio behin betiko onarpena. “Jaurlaritzaren erritmoak markatuko du, baina urtebete inguru pasako da ordurako”, azaldu du Maria Ubarretxena alkateak.

Bost saio egin ditu kontseiluak

Udalbatzako talde guztiak, udalbatzan ordezkaritzarik ez duten Arrasateko alderdiak, erakunde ekologistak, hirugarren adineko elkarteak, industria sektorekoak, merkataritza eta ostalaritza elkarteak, ikastetxeak eta bestelakoak aritu dira lanean kontseiluan kontseiluan. 

2020ko azaroan bi saio egin zituzten, abenduan beste bi eta urtarrilaren 4an, azkena. "Bi hilabete lanean aritu gara eta saio horietako bakoitzak bi ordu eta erdi iraun du gutxienez. 20 pertsona egon dira saio bakoitzean, bataz beste eta lantalde txikietan egin dute lan. Beraz, eskerrak eman gura dizkiet parte hartzaile guztiei, egindako ahaleginagatik", azpimarratu du alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak