Alde Zaharra birgaitzeko plan berrirako proposamenak egin dituzte herritarrek

Hasier Larrea 2020ko aza. 11a, 14:54

Guztira 24 iradokizun jaso ditu Udalak, eta orain Hirigintza Aholku Kontseiluaren eskuetan dago aldaketak aztertzea. Batzorde honek azken diagnosi bat aurkeztuko dio Udalari abendu amaieran.

Duela 20 urte aldatu zen azken aldiz Arrasateko Alde Zaharra birgaitzeko plan berezia, eta gaur egungo beharretara egokitzeko asmoz, planean aldaketak txertatu nahi ditu Arrasateko Udalak. Prozesu parte-hartzailea ireki dute horretarako, herritarren eta eragileen proposamenei ateak irekiz. 

Herritarren proposamenak, aztergai

Guztira 24 iradokizun jaso ditu Udalak, eta orain Hirigintza Aholku Kontseiluaren eskuetan dago aldaketak aztertzea. Batzorde honek azken diagnosi bat aurkeztuko dio Udalari abendu amaieran. Pauso horiek izango dira Birgaitze Plan Berria onartzeko oinarriak.

2022ko bigarren seihilekorako jarri nahi du Udalak martxan Alde Zaharra arautuko duen Hirigintza Plan berria. Aldaketa posibleen artean, alde zaharra bitan banatzea proposatu da, ondare babestua den almendra gainontzeko zatitik bereizteko. Sotoak eraiki nahi dira eraikinen azpi-solairuetan, garaje erabilera baimendu ahal izateko.

 Mahai gaineratu den beste gai bat da balkoietan toldoak jartzeko aukera, baita begiratoki berriak eraikitzeko zenbait irizpide ere. Komertzioek urteetan eskatu dute erakuslehioen azalera handitzeko, eta eskaera hau aintzat hartu du Aholku Kontseiluak. Alai zinema zaharrari etxebizitza erabilera baimendu nahi dio Batzordeak, orain arte ekipamendu izaera eduki baitu.

 Bestalde, promotoren jabetza diren zenbait espazio libre eskuratu nahi ditu Udalak, espazio publikoa handitzeko asmoz. Karkabak liberatzeko prozesuari lehentasuna ematea ere proposatu da. Irisgarritasunaren aldetik zenbait aldaketa eskatu dituzte eragileek, aldapan gelditzen diren behe solairuen kasuan batez ere.

Proposamen guzti horiek helburu nagusi bat jarraituko dute, Alde Zaharraren erakargarritasuna areagotzea.

Zuntz optikoaren instalazioa

Alde Zaharreko zenbait eraikinetan zuntz optikoa txertatzeko prozesua abian da, eta dagoeneko 30 eskaera jaso ditu zuntz optikoa jartzeaz arduratuko den Gestel telekomunikazio enpresak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak