Alde zaharreko negozio eta familiek bizi duten "bazterketa nabarmenenetako bat" lehenbailehen konpontzeko gogoa azaldu dute akademiek. Izan ere, zuntz optikorik ez dutela diote eta atzean geratzen ari direla nabarmendu: "Internetekiko gero eta lotura handiagoa duen mundu honetan, atzean geratzen gabiltza. Horrelaxe esan beharra baitago: erdiguneko familiak, langileak, ikasleak eta enpresak atzean geratzen ari gara eta benetako konponbidea behar dugu; bizkor, gainera".
Hainbat puntu nabarmendu gura izan dituzte haien desadostasunak adierazi eta Arrasateko Udalari eskaera zehatzak egiteko:
- Udaleko arduradunek behin eta berriro egin diote uko publikoki zuntz optikoa sartzeko aukerari, pisuzko arrazoirik eman barik. Bitartean, zuntza gure ikasketetarako eta lanerako ezinbesteko tresna bilakatu da; ez da pribilegio edo kapritxoa, eta arduradun politikoei dei egiten diegu horretaz ohar daitezen.
- Zuntz optikoaren ordez proposatu den Gestel enpresaren bidezko konexioa (wifia baino eskaintzen ez duena) ez da alternatiba justua; erabiltzaile askorentzat gastu jasangaitza delako, ez delako konponbide kolektiboa, eta erdiguneko biztanle nahiz langileok ere eskubidea daukagulako Internet beste guztien baldintza berberetan erabiltzeko.
- ADSL bidezko konexioa zaharkituta eta iraungitze bidean dago. Konpainiek zerbitzu hori kendu egingo dute 2021 eta 2024 artean. Azken epemuga ADSL zerbitzua bertan behera geratzeko 2024ko maiatzaren 29a da, CNMCren datuen arabera.
- Bateraezinak dira Alde Zaharra indartu nahi dela esatea eta alternatibarik ez ematea gaur egungo beharretara inondik inora egokitzen ez den Internet zerbitzu kaskarrari. Alde Zaharreko zati handiak daude ia-ia abandonatuta eta negozio barik; baina nork espero dezake ganorazko Internet konexiorik eskaini ezean erdigunea ekonomikoki biziberritzea? Momentu honetan Europar Batasuna eraldaketa digitalerako funtsak eskaintzen ari da Covid-19aren krisitik irteten laguntzeko eta momentu egokia iruditzen zaigu Arrasateko kasua aurkezteko. Hemen ere enpresa, ikasle eta lagileak daude telematikoki jardun beharra daukatenak.
- Ezin gara zain egon eperik gabe. Urtetik urtera Interneten beharra handituz doa eta guztiontzako konponbidea exijitzen dugu, herritar guztiekiko berdintasunean. Horregatik, 2021ean bertan zuntza ipintzeko konpromiso publikoa eskatzen diogu Udalari, baita arazoari adabakiak ipintzeari uztea ere.