Alde zaharrean euren jarduera garatzen duten Ardatz, AEK, Idiomaster eta Parlance akademiek "antzeko arazoak" partekatzen dituztela eta, irakurketa bateratua egin eta bilkura antolatu dute gaur arratsalderako, 19:00etan, Kulturaten, erdiguneko bizilagun eta erabiltzaileekin batera "mugimendu egonkor eta zabalago bati testigua emateko". Halaxe azaldu ditu aurrera begirako asmoak Ardatz akademiako irakasle Josu Zugastik, zehaztapen gehiago emanda: "Pandemiak dependentzia digitala areagotu du eta ADSL linea zaharkituarekin jarraitzen dugu lan egiten Ferreriasko, Erdiko kaleko eta Iturriotzeko negoziook; jakin badakigu operadoreek 2024rako ezabatuko dutela zerbitzu hori".
Hain zuzen, Udalak alde zaharraren birgaitze plan berrian zuntz optikoa instalatzeko epeak ez zehaztu izana da erabiltzaileak arduratzen dituen kontuetako bat. Hirigintza Sailari horri buruz galdetuta, zuntza legalki bermatzeko ordenantza idazteko "urtebete inguru" behar izango dutela adierazi du Juan Antonio Urdangarin teknikariak.
Auzia uste baino konplexuagoa dela gaineratu du Urdangarinek: "Operadore askorekin negoziatu dugu, eta gehienek errentagarri irteten ez zaiela argudiatzen dute". Aitzakia hori indargabetu eta herritarren interesak babesteko helburuarekin, telekomunikazioaren gaineko araudi berria prestatzen ari da Hirigintza Saila, PER planaren barruan: "Alde zaharra eraberritzeko gainontzeko hemeretzi proposamenekin batera tramitatuko da zuntz optikoaren gaineko ordenantza; Udalari tresna juridikoa eskainiko dio telekomunikazio enpresek hortzak erakusten badigute", adierazi du Hirigintzako teknikariak.
Gestel-en eskaintza
Gestel operadorea da, hain justu, egungo baldintzak onartzen dituen enpresa bakarra. Dagoeneko jaso ditu 30 erabiltzaile ingururen eskaerak. Hala ere, Zugastiri ez zaio "justua" iruditzen operadorearen eskaintza: "Negozioei begira egina dago, familientzat garesti irteten da, eta Internet zerbitzua baino ez du instalatzen". Izan ere, Ibaiarte eta Udalarengandik irtendako iniziatiba izan dela aipatu du Urdangarinek: "Araudia betez, antena jartzeko lursail bat alokatu du Gestelek, eta orain, zerbitzua komertzializatzen dabiltza".
Karkabekin zalantzak
Udalak zuntz optikoa karkaben edo eraikinen artean dauden kalexka estuen bitartez instalatzeko asmoa duela iradoki zuen joan den astean. Bizilagunek harriduraz hartu zuten baieztapen hori: "Eraikin guztiek ez dauzkate karkabak; ondorioz, planteamendu hori ez da guztiz egingarria", dio Zugastik. Urdangarinek erantzun du karkabak ez dauden etxeetan "hodiak txertatu ditzaketela" esanez.
Udalaren "kontraesanak"
Alde zaharreko erabiltzaileek salatu dute Udalak gaia "nahastu" egin duela. "Lehenengo, zuntz optikorik jarriko ez zutela esan ziguten; gero, Gestelek jarriko zuela; gero, karkabetatik joango dela... Mezu kontraesankorrak iruditzen zaizkigu, zehaztasun gabekoak; ondorioz, honako galdera hau datorkigu burura: erreala da konexio gabe gelditzearen aukera?", esan du Zugastik, eta hau gaineratu: "Udaletxeak badauka zuntz optikoa; beraz, zeren zain daude gainontzeko eraikinetan instalatzeko?". Herritarrek "borondate politiko falta dagoela" uste duten bitartean, Udalak "juridikoki gai konplexua dela" aitortzen du. Argi dagoena da konexio digitala inoiz baino beharrezkoagoa dela gaur egun.