AGAKOko kideak kalera atera dira "gaztetxeen aurkako erasoak eta gazteen kriminalizazioa" salatzera

Xabi Gorostidi 2021ko urt. 18a, 17:11

Gaztetxetik abiatuta kalejira egin dute herrian zehar eta herritarren artean esku orri informatiboak banatu dituzte. Azken hilabeetan egondako "erasoen" berri ematen zuten bertan: Laudioko gaztetxea, Errotxapeakoa, Talka gune autogestionatua, Gasteizko gaztetxea, edo Errekaleor auzo askea, besteak beste. "Arrasateko gaztetxeak ez du, ez militantzia politikoaren, ez gune autogestionatuen kontrako erasorik onartuko" adierazi dute. 

Eguerdian hasi dute kalejira, tabernak jendez beteta zeuden unean, eta musikaren laguntzarekin kalez kale aritu dira eskuorri informatiboak banatzen. Laudioko gaztetxea, Errotxapeakoa, Talka gune autogestionatua, Gasteizko gaztetxea, Errekaleor auzo askea eta Arabako Errioxako Subserra mugimendua aipatzen zituen, berriki gertatuako erasoen artean.  "Azken hilabeteetan Euskal Herriko gaztetxe eta gune autogestionatuen aurkako oldarraldia areagotu egin da, eta gazteok kriminalizazio konstantea bizitzen ari gara". 

Herriko kaleak zeharkatu ostean, Biteri plazan egin dute elkarretaratzea, amaieran manifestu bat irakurriz. Aipatu dutenez, Gasteizko gaztetxearen kasuan, lau kideri zigor ekonomikoa jarri eta beste bati 4 urteko zigor espetxe zigorra jarri diotela salatu dute.

Baita Galder Barbado amurrioarraren eta Aitor Zelaia gasteiztarraren kasuak ere.  "Duela ia bi urte atxilotu zituzten bi gazteak, material lehergarria zuen bidoi batekin harremana izatea egotzita. Sei hilabete eman zituzten preso, eta baldintzapeko askatasunean egon dira ordutik hona. Urtarrilaren 21 eta 22an izango da epaiketa, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Gainera, Altsasuko gazteen auzian egondako fiskal berdina izango dute Barbado eta Zelaiak. Bi gazte hauen aurkako epaiketaren helburua ere argia da: militantzia politikoa zigortzea. Doakiela Arrasatetik besarkada bero bana!". 

Hausnarketa hau egin dute bukaeran: "AGAKOko kideok Euskal Herriko gaztetxe eta gune autogestionatuen defentsan berresten garela besterik ezin dugu esan. Horrelako gertakari eta egoerek sinisten dugun honetan aurrera egiteko indarra kentzen diguten arren, argi daukagu alboan ditugun bidelagun guztiei esker altxatzeko kemena atera eta aurrera jarraituko dugula".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak