Txapelketa irabazi zutenetik aste batzuk pasa ostean, hotzean eta patxadaz, lortutakoari balioa eman diote hiru gimnasta arrasatearrek, Valentzian bizi izandakoa gogoratuz. Izaskun Garciarentzat, gainera, bereziki polita izan da urrea lortu izana, gimnasia aerobikoa utziko duelako. "Esperientzia ezberdina izan da, eta emozio handiz bizi izan dut, niretzako azkena izan baita. Ziurgabetasun handia egon da, ez genekien txapelketa egin behar zen ala ez, eta pistara atera ginenera arte ez genuen erabat sinistu lehiatzera gindoazenik. Halere, ondo pasatu dugu eta pozik gaude lortutakoarekin".
Irazolak, era berean, baieztatu egin du "hunkigarria" izan dela, eta zera gaineratu: "Hirurok elkarrekin egin dugun azken txapelketa izan da. Egia esan, ez genuen inondik ere espero irabazterik, ez garelako askorik entrenatu. Gainera, nahiko gutxietsita dagoen kirol bat da, eta irabazi izanak lagunduko du hemen inguruko jende gehiagok kirola ezagutu dezan".
Azkuek, azkenik, nabarmendu du "ahalik eta maila altuena" ematen saiatu zirela txapelketan, urte arraroa izan arren eta entrenatzeko denbora askorik eduki ez duten arren. "Oso gustura geratu ginen egindakoarekin, eta gero, puntuazioak ere hori islatu zuen. Horregatik, oso pozik gaude lortu dugunarekin".
Babes eta animo falta, nabaria
Lehiatzeko orduan, Azkuek dioenez, dezente nabaritu zuten publikoaren falta. "Gu ohituta gaude ingurukoak, lagunak eta senideak animatzen egotera, eta pistara atera behar izan genuenera arte ez ginen konturatu bakarrik geundela. Orduan hasi ziren urduritasunak etortzen, baina gero, oso ondo egin genuen gure lana", azpimarratu du.
Garciak, bestalde, adierazi du jendearen animoak eta txistuak ez dituela entzuten, normalean, "kontzentrazioagatik", baina giroan nabaritzen zela hutsunea. "Espainiako Txapelketa batean beti giro bikaina egoten da eta jende asko batzen da. Oraingoa, ordea, oso isila izan da".
Lan guztia, minutu eta erdian
Irazolak nabarmendu du denbora asko pasatzen dutela entrenatzen, eta gero, minutu eta erdian erakutsi behar izaten dutela daukaten onena. "Exekuzioa, mugimenduen zailtasuna eta alde artistikoa baloratzen dute epaileek, eta edozein txikikeriak puntuazioa jaitsi diezazuke. Hala ere, adrenalina puntu hori asko gustatzen zait".
Garciak berretsi egin du hori. "Akats batek pikutara bidali dezake aurrez egindako prestaketa guztia. Momentuko egoera da balio duena, berdin du egun horretan lo gaizki egin duzun edo nekatuta zauden".
Elkar ulertzea, ezinbestekoa
Azkue izan da hirukotera batzen azkena, eta elkarren artean ondo ulertzea ezinbestekoa dela aitortu du. "Nahia eta Izaskun txikitatik ezagutzen ditut, haiek baino urtebete gazteagoa naiz. Gogoratzen dut entrenatzen ikusten nituenean haien taldean egotea desiratzen nuela, eta pozik nago hori errealitate bihurtu delako. Gainera, oso ondo konpondu izan gara orain arte".
Aerobikoa, eta ez erritmikoa
Gimnasiaren baitako bi diziplina ezberdin dira erritmikoa eta aerobikoa, eta azken horretan lortu dute urrezko domina arrasatearrek. "Nere lagun askok oraindik uste dute gimnasia erritmikoa egiten dugula, batetik bestera pasatu garelako eta biak gimnasia direlako, baina erabat ezberdinak dira", dio Irazolak. "Erritmikoa gehiagok ezagutzen dute, baina aerobikoa dinamikoagoa da, eta errendimendu aldetik gehiago exijitzen du", gaineratu du Azkuek.
Halaber, gimnasioa aerobikoa "azkarra" da, "intentsitate handikoa", Garciaren esanetan. "Adinak ere ez du horrenbeste baldintzatzen, erritmikoarekin alderatuz gero. Gainera, kirol berria denez, etengabe eraldatzen ari da eta urtero daude gauza berriak. Erresistentzia lantzen da, gehienbat, kirol honetan. Kanpotik ez da nabaritzen, baina asko nekatzen gara. Horrez gain, indarra eta malgutasuna ere lantzen ditugu".
Nola bizi izan duzue txapelketa?
Izaskun Garcia: "Esperientzia ezberdina izan da, eta emozio handiz bizi izan dut, niretzako azkena izan baita. Azken momentura arte ez genekien lehiatuko ginen ala ez, baina oso ondo pasatu dugu. Pozik gaude lortutakoarekin".
Nahia Irazola: "Oso hunkigarria izan da, hiruok elkarrekin egin dugun azken txapelketa izan delako. Gainera, nahiko gutxietsita dagoen kirol bat da, eta irabazi izanak lagunduko du jende gehiagok gure kirola ezagutu dezan".
Uxue Azkue: "Ez ginen esperantza handiekin joan, ez genuelako entrenatzeko tarte handirik izan. Halere, oso gustura geratu ginen egin genuenarekin eta puntuazioak ere hori islatu zuen. Beraz, oso pozik itzuli ginen Valentziatik".