Baldintza gogorretan entrenatu ostean, urrea

Xabier Urtzelai 2020ko abe. 23a, 10:57

Espainako txapeldunak dira Arrasate Dragoi Taldeko Nahia Irazola, Izaskun Garcia eta Uxue Azkuen. Elena Lanuzak zuzentzen duen hirukoak pandemia egoerara egokitu behar izan ditu entrenamendu saioak, baina merezi izan du ahaleginak.

Arrasate Dragoi taldeko ordezkari Edurne Elkorok aitortu du Elena Lanuza entrenatzaileak entrenamendu saioetako irudiak erakusten zizkionean sinistu ezinda geratzen zela. "Maskararekin egiten zituzten entrenamendu saio guztiak, eta ariketak amaitzerakoan bakoitza punta bakoitzera joaten zen. Aerobika, azken batean, kontaktuzko kirola da, eta Espainiako Txapelketara joateko erabakia hartu zutenean garbi egin zuten denek berba: babes neurri guztiak errespetatuta egin behar zuten lan, eta kantxatik kanpora ere zaindu egingo ziren konpromisoa hartu zuten. Baldintza oso gogorretan lortutako urrezko domina izan da hau", dio Elkorok.

Txapelketa Valentzian egin zuten joan den zapatuan, baina berez maiatzean egin behar zuten hitzordu hori, Gasteizen. "Martxoko konfinamenduak Frantzian harrapatu zuen hirukoa, Lyonen, nazioarteko txapelketa batean esku hartzen. "Koreografia harako prestatuta zeukaten eta Espainiako Txapelketara koreografia berberarekin joan ziren, ez dute izan berri bat prestatzeko astirik eta ez zuen zentzurik, gainera". Izan ere, hilabete hauetan guztietan gorabehera handiak izan dituzte, entrenamenduak hasi, ondoren geratu... "Ez da batere erraza izan baldintza horietan Espainiako Txapelketa prestatzea. Lehenago ere prestatzen ibilita zeuden, baina hilabeteko lana baliatu dute Valentziara ondo prestatuta joateko".

Aerobika eta gimnasia, biak

Arrasate Dragoi Gimnasia taldean bi kirol modalitateak bateratzen saiatzen dira, lehentasuna gimnasia erritmikoak baldin badauka ere: "Hiruko hau, esaterako, gazte gaztetatik hasi zen erritmikoarekin batera aerobika egiten, eta oso barneratuta dituzte bi modalitateak. Gainera, aerobikak Espainiako Txapelketa moduko hitzordu handi batera joateko aukera ematen die, eta guk animatu egiten ditugu horretara, inongo kirol helburu konkretu barik, esperientziarekin goza dezatela".

Arrasatekoak, baina, polikipoliki estatu mailan erreferente bilakatzen dabiltza, izan ere, ez da lehenengo aldia urrezko domina irabazten dutena: "Nahia Irazolak eta Izaskun Garciak irabazi izan dute bikoteka Espainiako Txapelketa lehenago ere. Eta sekulako meritua dute, beste gimnasta askok aerobika baino ez dutelako egiten, eta hauek bi modalitateak bateratzen dituzte. Dena dela, Valentzian gureak ez ziren faboritoak, Gasteizko Biribildu taldea, Gaztelako Vertical Split... Baziren oso talde onak, baina egia da beste txapelketarik egon ez denez inork ez zuela erreferentzia garbirik, eta hauek bikain ibili ziren".

Esker mezua, baita gazteei ere

Hiruko honek txapelketan parte hartzeko aukera izan zuen, baina klubetik gogoan izan dute beste gimnasta batzuek egin duten ahalegina. Izan ere, Nora Marco, Sara Yan Azkarate eta Maider Agirreurretak osatutako hirukotea azken momentuan geratu zen txapelketan esku hartu ezinik. "Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrien artean zegoen 16 urtez azpikoek txapelketetan ezin zutela parte hartu, eta gogor entrenatzen ibili baziren ere, ez zuten saririk izan". Eurak ere azken momenturarte gogor entrenatu ziren, eta errekonozimendua merezi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak