Ostalaritzak irekitzeko aukera izan du aste honetan, baina taberna gutxik egin dute horren aldeko hautua. Martitzenean, Kulturaten bildu ziren herriko 85 bat establezimendutako ordezkariak, eta, 1990 Gastrotekako arduradun Ibon Leundak azaldu zuenez, %10 inguruk baino ez zuten zabaldu egun hartan. Hala ere, atzo taberna gehiago ikusi ziren zabalik, eta asteburura begira ere joera hori mantenduko dela dirudi. " Intzidentzia-tasa 500etik nabarmen jaisten bada, tabernari gehiagok emango dute irekitzeko pausoa", dio Leundak. Kulturaten batutako ostalarien erdia baino gehiago, ordea, datorren asteleheneko kopuruen eta LABIren bilerak ematen duenaren zain daude oraindik.
Langileen egoera, kezka nagusi
Martitzeneko bileran, langileen egoera izan zen kezka nagusia. "Irekitzearekin batera, langileen aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteari eutsi edo ez, nola atera egoera horretatik eta zer egin berriz ere ixtera behartzen bagaituzte. Egoera ezegonkor honetan, gertatzen dena da datuei begira egon behar izaten dugula astelehenero eta ostegunero; are gehiago, 500eko langa horretatik hain gertu egonda. Posible da egun horien buruan irekita egotetik berriro itxi behar izatea, eta alderantziz". Monte tabernako Aitor Etxagibelek ere kezka bera azaldu du: "Irekitzekotan, langileak aldi baterako enpleguerregulazioko espedientetik atera gabe egingo dut, kontu handiarekin. Egoera honetan ezin gara %100ean aritu".
Raul Leibak, bestalde, hiru negozio ditu batera: Hamalau kafetegia, taberna eta jatetxea. Datuek hobera egitea espero du, hiru negozioak ireki ahal izateko. "Arrasatek bizi apur bat behar du; izan ere, azken bi hilabete hauetan oso triste egon da. Herritarrek behar dute ostalaritza irekita egotea".