"Txertoa noiz helduko zain nengoen", adierazi du Jose Ramon Abasolok, txertoa jaso duen lehen egoiliarrak. Bai langileek eta bai egoiliarrek, aitortu dute ez dutela ezer berezirik sentitu txertoa jasotzerakoan. "Beste edozein txerto jasotzea bezala da; ziztada txiki bat, eta listo", adierazi du Nieves Altuna egoitzako langileak. "Aukera zoragarri eskaintzen digu txertoak. Lehen olatuak gogor jo zuen egoitzan, eta orain normaltasunera bidean gaude. Zentzu horretan argitasun puntu bat ekarri du txertoa jartzeak".
Behin lehen txertoa jarrita, aste gutxiren kabuan "immunitate osoa" lortuko dutela azaldu du egoitzako zuzendari Olatz Etxabek. "Hiru aste barru bigarren dosia jasoko dugu, eta hura jartzean %100ean egongo gara immunizatuta. Beraz, otsaila hasiera inguruan lortuko dugu hori".
Errege bezperan Errege Magoen bisita jasotzen dute Iturbideko egoiliarrek eta langileek. Aurten Melchor, Gaspar eta Baltasar ez dira etorriko, baina poztasuna eragin dien beste elementu bat heldu zaie gaurkoan: "Txertoa jasotzea Erregeetako oparia izan da egoiliarrentzako".
Arrasateko Iturbide izan da bailara mailan txertoa jaso duen bigarren egoitza. Lehena Eskoriatzako Jose Arana izan zen, abenduaren 31n hain justu. Zentroan dauden egoiliar guztiek jaso zuten, 26 lagunek hain zuzen, eta baita une horretan lanean ari ziren langileek ere.
Bergarako Mizpirualde ostegunean jasoko dituzte txertoak, Oñatiko San Martinen data jakiteko zain daude, eta Aretxabaletako GSRn ez dute horri buruzko informaziorik eman nahi izan.