Onarpena jaso dute 2021eko aurrekontuek eta negoziazio ahalegina egin dute Gobernuak eta EH Bilduk

Xabi Gorostidi 2020ko abe. 17a, 23:24

Negoziazio izan arren, ez dute akordiorik lortu. Azken ordura arte egin dute bi aldeek "akordio zabala lortzeko ahalegina", eta elkarri aitortu diote "lan egiteko borondatea". Ekoboulevard proiektua izan da adostasunik ez izateko gako nagusia: EH Bilduk "moratoria" eskatu du, baina Gobernuak ez du onartu, "Arrasaterentzat lehentasunezko proiektua" dela iritzita. Hala, 36.202.466 euroko aurrekontua izango du Udalak 2021ean, eta hiru miloi euroko mailegu bat eskatuko dute. 

Eguneko lehen puntuan Elkarrekin Arrasate alderdiko Igor Urizarrek karguari uko egitea eta bere postua Eva Abuinek ordezkatzea onartu dute. EH Bilduko Kepa Urteagak eta Maria Ubarretxena alkateak esker hitzak izan dituzte Urizarrek azken sei urteetan egindako lanagatik. Kargu uztearen eraginez, Elkarrekin Arrasate ordezkaritzarik gabe geratu da gaurko osoko bilkuran.

Hirugarren puntuan TAO zerbitzua kontratatzeko pleguak onartu dituzte, Udal Gobernuaren aldeko botoekin. Aurreko osoko bilkuran egin bezala, eztabaida sortu da EAJko eta EH Bilduren ordezkarien artean zerbitzua azpikontratatzeagatik.

EH Bilduk "eredu publikoaren alde" egin du berriz. "Langileek 22.000 euro gordin jasoko dituzte urtean eta hori ez da duina gure ustez. Zuen aukera da zerbitzua azpikontratatzea, eta horrek ekartzen ditu era honetako soldata lotsagarriak. Guk zerbitzu publikoan sinisten dugu" adierazi du Kepa Urteaga bozeramaileak, gaurkoan Maider Morras ordezkatu duenak. 

Zera erantzun dio EAJren bozeramaile Anuska Ezkurrak: "Ez egin demagogiarik soldatekin. Gipuzkoako hitzarmena aplikatuko diegu, Espainiakoa baino hobea dena. Horrez gain, soldatak eta baldintza duinak baloratu egingo ditugu kontratazio mahaian enpresa aukeratzerakoan". Hitzartze amaieran kontratazio mahai horretan parte hartzera gonbidatu ditu EH Bilduko ordezkariak. "Aurten 29 kontratazio mahai egin ditugu, eta horietako zazpitan agertu zarete".

2021eko aurrekontuak

Datorren urteko udal aurrekontuak onartu dituzte gaurkoan, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin.

[Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamena irakurtzeko egin klik hemen].

Aurten, –agintaldi honetan lehen aldiz– negoziazio prozesua egon da Gobernuaren eta EH Bilduren artean aurrekontuak adosteko. Hilabete inguru iraun du, eta azken unera arte egin dute akordioa lortzeko ahalegina bi aldeek. Baina azkenean ez da posible izan eta EH Bilduk aurka botatu du. Hala ere, akordiora heltzeko "borondatea eduki izana" aitortu diote elkarri bi aldeek, eta datorren urtean akordioa posible izateko "nahia" azaldu dute. 

Anuska Ezkurrak hala egin du 2021rako aurrekontuen defentsa: "Aurrekontu zuhurrak dira, inor atzean utziko ez dutenak eta aurrerakoiak. Gizarte Sailean ahalegin berezia egingo dugu eta %14ko igoera ezarri diogu, ia 3.900.000 eurora iristen den partida onartuz. Igoera izango dute ere, besteak beste, tokiko merkatari eta ostalarientzako laguntzek, kulturak eta euskarak". Azaldu du, ere, diru-sarreretan "2.000.000 euroko jaitsiera" aurreikusten dutela eta "galera horri aurre egiteko hiru milioi euroko mailegua eskatuko duela Udalak. "Zero zor egoeran gaude, eta zorpetzera jotzea ahalbidetzen digu horrek".

Erreferentzia egin dio ere EH Bildurekin edukitako negoziaketari: "Babes zabala bilatzen ahalegindu gara, nahiz eta gure gehiengoa nahikoa izan aurrekontuak onartzeko. Bederatzi titular ekarri zenizkiguten, eta puntu gehienetan adostasuna lortu dugu. Sentsazioak positiboak izan dira, baina dezepzioa izan da zuek ezetz botatzea". 

EH Bilduko Kepa Urteaga azaldu du Ekoboulevard-a izan dela gakoa akordiorik ez lortzeko. "Guk moratoria eskatu dizuegu, gure ustez, une honetan ez delako lehentasun bat herrian bigarren ur-parke bat jartzea. Gauden egoera larrian egonda ez du zentzurik halako tamainako proiektu berri bati heltzeak; are gutxiago, martxan dauden proiektuen exekuzio maila ikusita: musika etxea geldi dago eta bi urte atzeratuko da; Kulturola %25ean dago eginda, berez 2021eko martxoan amaitu behar zenean; azokaren birgaitzea ez duzue ukitu ere egin, eta gauza bera gertatzen da Amaia Antzokiaren berritze lanekin, Abaroako eguneko zentroarekin edo Emakume Txokoaren lekualdatzearekin". 

Bigarren txanda baten, Ezkurrak erantzun dio Kulturola "2021eko urrirako" amaituko dela, eta atzerapenak COVID-19ak eragin dituela. "Juan Arzamendi Musika Etxeak eta Kulturolak atzerapen izan dituzte, bai, baina biek ala biek egingo dute aurrera". Urteagak erantzun du Gobernuak ez duela "koma bat ere" aldatu nahi izan "Ekoboulevard proiektu izarrean", eta adierazi du EH Bilduren babesa lortzen ahalegindu direla "badakitelako Roneoko, Nafarroa Etorbideko eta Zerrajerako auzotar asko euren kontra jarriko dituela proiektu horrek". 

Eguneko puntuen artean onartuta geratu dira ere, 2020ko ordenantza fiskalen aldaketa –EH Bildu abstenitu egin da–, 2020ko aurrekontuetan 375.000 euroko kreditu espediente aldaketa egitea, 2020-2023 aldirako Udalaren dirulaguntza plan estrategikoaren bigarren gehigarria, 2021 Udal plantilla organikoa, 2021eko lanpostuen zerrenda, Arrasateko Udaleko giza baliabideak arrazionalizatzeko plan estrategikoa eta  260/2020 sententzia aplikatuta, 2018ko abenduaren 11ko eta 2019ko otsailaren 19ko udal plenoko erabakiak baliogabetzeko proposamena, 2019ko plantilla eta RPTa onartu eta aldatzen dituztenak.

Saharaldebaren mozioa

Eguneko gai zerrendan hiru mozio zeuden Saharako egoerari buruz: Saharaldeba elkarteak aurkeztutakoa, EH Bildurena eta PSE-EErena. Gobernutik proposatu dute Saharaldebarena soilik botatzea, "kezka berdinari" erantzuten ziotela iritzita. EH Bildutik azaldu dute bat egin dutela Saharaldebarekin eta mozioa erretiratzeko asmoa zuela, eta PSE-EE ados azaldu da mozio bakarra botatzearekin. 

Hala, denek botatu dute Saharaldeba elkartearen mozioaren alde, alderdi sozialistak ezik. Aipatzea, sozialistek ez dutela azalpenik eman ezezko botoari buruz.

[Onartutako mozioa bere osotasunean irakurtzeko egin klik hemen]. 

Ostean, beste mozioa bat botatu dute, EH Bilduk Udal finantziaziorako Foru Funtsa eta zorpetzeari buruz aurkeztu duena. Botatzeko orduan EAJk eta PSE-EEk aurka botatu dute.

[EH Bilduren mozioa bere osotasunean irakurtzeko egin klik hemen]. 

Azkenik, babesa azaldu diote alderdi guztiek Egiari zor fundazioak aurkeztutako adierazpen instituzionalari, non motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei laguntzea, eta biktima horien erreparazioa eta aitorpena tramitatzea eskatzen zen.  Fundazioaren izenean Olatz Etxabe arrasatearrak hartu du hitza une batez, eta eskerrak eman dizkie jasotako babesagatik. 

[Adierazpen instituzionala bere osotasunean irakurtzeko, egin klik hemen].

Bateragune auzia eta Gabonetako karparen arazoa

Galdera-erantzunen tartean, hainbat gai plazaratu ditu gaur EH Bilduren bozeramaile lanak egin dituen Kepa Urteagak. Alde batetik, Bateragune auziari heldu dio. "Auzia berriz irekitzea eraso bat da. Onartezina da, politikoki eta judizialki lortu ez dutena lortzeko erabili dutelako". EAJren bozeramaile Anuska Ezkurrak erantzun dio haientzat ere "zentzugabekeria" dela.

Bestalde, Gabonetako karpa izan du hizpide Urteagak. "Karparen kanpoaldean jendetza batzen da zenbait ekintzatan. Herrian daukagun kutsadura mailarekin, non daude udaltzainak hori zaindu ahal izateko?", azaldu du, Maria Ubarretxena alkateari zera galdetuz: "Zer gertatzen ari da horrelako tasa altuak edukitzeko? Zergatik ez dituzu neurri bereziak eskatu Eusko Jaurlaritzan?".

Alkateak erantzun dio "arduratuta" dagoela egoerarekin. "Elkarlanerako momentua da. Osasun adituek esan digute ez dutela foku zehatzik atzeman, kutsadura komunitarioa dagoela. Herritarren gehiengoa jokabide egokia dutela eta horrela jarraituta aterako gara hemendik. Ez naiz bestelako hika-mika politikoetan sartuko, are gutxiago gai honekin".

Era berean, Ezkurrak hartu du hitza, Urteagari aurreko galderari buruz erantzuteko. "Kontratu guztiak legearen barruan egin ditugu. Bestalde, karparen barruan neurri guztiak hartzen dira eta txartelik ez dutenei kanpoan ez geratzeko deia egiten diegu, guztiak izan gaitezen arduratsuak. Bestalde, kultur eragile guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu egiten ari diren lanagatik eta esfortzuagatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak