Gizarte zerbitzuak indartu, kulturari eutsiz

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 29a, 17:59

Udal Gobernuak "gizarte-babesa bermatu eta inbertsio-maila handitzen duen aurrekontu proposamena" aurkeztu die alderdi politikoei. 2021erako proposamenak, 2020koarekin alderatuta, %2,8ko igoera du: 35.800.000 euro, guztira.

Udal Gobernuaren esanetan, proposamena bi funts nagusi betetzera bideratuko da. "Herritarren babesa eta ongizatearen bermea, eta garapen ekonomikoa eta Arrasateren etorkizuneko zimendu eta proiektuen garapena", adierazi du Maria Ubarretxena alkateak. "Kontu aurrerakoiak dira, eta erabat salbuespenezkoak, onartzen diren testuinguruagatik. COVID-19ak eragindako pandemiagatik Udalaren sarrerak murriztu diren arren, inbertsio publikoa herriaren traktore izatea dugu jomuga, ingurune sozial zein ekonomikoa berreskuratu arte".

Arrasateko Udalak sustapen neurriak ezarri ditu "lehen unetik", alkatearen esanetan: "Laguntza soziala indartu dugu, ehun ekonomikoari babes neurriak eman dizkiogu, sustapen kanpaina bultzatu dugu eta inbertsio oro mantendu". Hori, gaineratu duenez, 2019ko aurrekontuaren 3.000.000 euroko gerakina baliatuz gauzatu du Udalak. "Bide beretik jarraitze-ko proposamena aurkeztu dugu".

Diru-sarrera gutxiago

2021eko aurrekontua osatzeko diru-sarrera aurreikuspena, Udal Gobernuaren esanetan, 32.800.000 eurokoa da, "iaz baino 2.000.000 gutxiago". Hori dela eta, 35,8 milioi euroko aurrekontua osatzeko, 3.000.000 euroko mailegua eskatzea aurreikusi du.

Partidarik handiena, kulturara

Arloz arlo aztertuz gero, kulturara bideratuko litzateke diru partida handiena, "bereziki Kulturola eta Juan Arzamendi Musika Etxearen proiektuak amaitzeko diru partidak bertan ezarri direlako": 1.602.341,26 euro, hain zuzen. Aurtengoa baino %22 gehiago izango litzateke hori.

Era berean, gizarte zerbitzuak izango lirateke igoera handiena edukiko luketenak. "Pandemia dela eta, etxez etxeko zerbitzu zein pobreziaren kontrako larrialdi planetarako aurrekontuek %40ko igoera izango dute. 1.229.000 euro bideratuko dira bi egitasmo horietara". Horrez gain, babesgabeko egoerei aurre egiteko zerbitzuaren aurrekontua 322.950 eurokoa izango litzateke eta tutoretzapeko etxebizitzen laguntza zerbitzua ere indartuko litzateke, sail osoa 60.000 eurokoa izanik.

Halaber, Lan ere bai programa indartzeko asmoa du Udal Gobernuak, 75.000 eurorekin, eta dependentzia baxua duten pertsonei zuzendutako eguneko zentroaren obrak, Garibai 1eko lokalekoak, 50.000 euroko kostua izango luke. Tokiko merkataritzari dagokionez, aurrekontuan igoera nabarmenenak honako hauek izango lirateke: diru laguntzetan 33.000 euro gehiago eta merkataritzako ekintzetarako 12.000 euro gehiago. Arlo horretara 250.180 euro bideratuko lirateke.

'Ekobulebar'-ak ere, zati handia

Hirigintzan, 2021eko urtarrilean hasiko dituzte Ekobulebar-a egiteko lanak, eta 1.250.000 euroko partida ezarriko litzateke funts hori betetzeko. Horrez gain, zuntz optikoaren ezarpena bultzatuko litzateke erdigunean zein baserrietan: "Zuntz optikoa erdialdean jartzeko proiektua egiteko 20.000 euroko partida sortzea proposatzen du Udalak, eta baserrietara bideratzeko Aldundiaren bitar-tez egingo da lana".

Leintzibar kalean bidegorria egiteko proiekturako, bestalde, 15.000 euroko partida hobetsi du Udal Gobernuak, "Araba etorbideko eta Arrasate pasea-lekuko bidegorri sareak lotzeko".

Horrez gain, Galizia kaleko igogailu publikoaren proiekturako 110.000 euro bideratzea ere proposatu du, eta baita beste bi diru partida egitea ere: "Gara-gartza auzoan fibro-zementuko hodiak aldatzeko 150.000 euroko partida ezarri da eta Obenerrekako frontoian parkour parkea egiteko, 120.000 eurokoa, Arrasate kirol-herria izatea bultzatuz".

Azkenik, Udal Gobernuak azaldu duenez, herri-autobus linea berria jarriko da martxan, "zuzenagoa", TAOren egitasmoaren baitan zentroa eta disuasio-parkingak konektatuko dituena lanzadera modura –217.500 euro–. Hala, herriko garraio publikoaren zerbitzura 747.500 euro bideratuko lirateke, eta, garraio publikoa "irabazi asmorik gabeko zerbitzua" izanik, 110.000 euro bideratuko lirateke horrek eragingo lukeen defizita estaltzera.

Arlo ekonomikoan, Udal Gobernuaren proposamena da 420.000 euro bideratzea langabeak kontratatzeko, enplegu planaren baitan. Horrez gainera, enpresa berriak sortzen laguntzeko 35.000 euro aurreikusten ditu, langabeen formakuntza hobesteko 30.000 euro eta langabeak kon-tratatzeko laguntzetara bideratzeko 87.500 euro.

Bi partaidetza prozesu

Udal Gobernuak 250.000 euroko diru partida ezarriko luke prozesu parte-hartzaileak bultzatzeko. "Hainbat egitasmoren artean, Jose Luis Iñarra kalean, Altamiran eta Altamirazpin zer egin erabakitzeko prozesu partehartzailea martxan jartzeko 15.000 euroko partida bat sortzea proposatu du Udal Gobernuak, eta herritarrek kiroldegi berria nolakoa izatea nahi duten irudikatzeko, 20.000 eurokoa". Proposamena gainontzeko alderdiei aurkeztu ostean, Udal Gobernuaren helburua da abendu hasieran 2021eko aurrekontua onartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak