Azken asteetan Gipuzkoako positibo kasuek beheranzko joera izan badute ere, Debagoienako Erakunde Sanitario Integraleko aztarnariak kezkatuta daude Arrasateko egoerarekin. Izan ere, Gipuzkoan aste honetan positibo kopuru altuena egon den hirugarren herria da, eta EAEn intzidentzia-maila altuena duena. Zehazki, azken bi asteetan intzidentzia-metatua 100.000 biztanleko 1.518 kutsatutakoa izan da.
Hori horrela, osasun langileek indarrean dauden neurriak inoiz baino gehiago errespetatzeko deia egin diete herritarrei. Ez dakite argi zergatik ez diren Arrasaten koronabirus positibo kasuak jaisten, baina Gabonetan egoerak okerrera egin dezakeela uste dute, horregatik, data horietan ezarritako neurriak gaizki ez interpretatzea eskatu dute, erlazio burbuiletatik ez irteteko nabarmenduz.
Gazteak, kutsatuen erdiak
Birusaren transmisioa batez ere gazteen artean gertatzen dela azpimarratu dute, orain arteko positiboen erdiak 12 eta 30 urte arteko adin tartean kokatzen direla baieztatuz. Jendea espazio irekietan ere kutsatu daitekeela-eta, erlazionatzerako orduan kontuz ibiltzeko gomendatzen diete aztarnariek, batez ere gazteei.
Baheketa masiboan ateratako emaitzak ondo baloratu badituzte ere, erlaxatzeko inongo motiborik ez dakartela ohartarazi dute mediku eta aztarnariek.