Arrasateko Udalak ostalaritza eta bestelako aktibitateek terrazetan egindako inbertsioak laguntzeko dirulaguntza lerroa jarri du abian. "Laguntzak Arrasateko establezimenduei zuzenduta daude, betiere, aktibitatea garatzen den lokalaren kanpoaldean jarritako instalazioak finantzatzeko jomugarekin. Hori horrela, laguntzaren onuradunak izango dira Arrasateko ostalaritza, eta baita ostalaritza aktibitatean zehazki ez daudenak baina lokal kanpoan terraza zerbitzua daukatenak".
Hala, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eginiko material erosketak edo inbertsioak lagunduko ditu –toldoak, itzalkinak, manparak, altzariak, berogailuak…–.
Udalak jakinarazi duenez, gehienez, inbertsioaren %25 finantzatuko du, eta enpresa edo aktibitate bakoitzak 2.000 euroko muga izango du. Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 31ra arte egongo da zabalik.
2021ean, neurriak mantendu
Datorren urtean, pandemia garaian ostalaritza sektoreari begira hartutako hainbat neurriri jarraipena emango die Udalak: "Hala nola terrazen bikoizketa eta ordutegien zabalpena mantenduko da". Terrazek espazio bikoitza erabiltzen jarraitu ahal izango dute, "inolako kostu gehigarririk gabe". Bestalde, terrazak irekitzeko ordutegia malgutu egingo dute 2021ean, pandemian onartutako zabalpena mantenduz. Hala, 07:30ean ireki ahal izango dute terraza, zerbitzuak emateko –orain arte, 10:00etan–.
Tasak ez dizkie kobratuko Udalak
gaineratu du azken hiruhilekoaren ur tasaren zati finkoa ez diela kobratuko; hau da, urria, azaroa eta abendua. Zaborraren tasari dagokionez, azken bi hilabeteei dagokien tasa ez die kobratuko –azaroa eta abendua–. Ostalariei eta elkarte gastronomikoei aplikatuko zaie neurri hori.
Elkarteendako lerroa ere bai
Azkenik, Arrasateko irabazi asmorik gabeko elkarteen inbertsioak laguntzeko dirulaguntza berria ere jarri du abian, "pandemiagatik beharrezkoak diren higiene neurri bereziak ezartzeko gastu eta inbertsioak finantzatzeko". Hau da, babes ekipo pertsonalak, espazioak higienizatzeko produktu eta ekipo bereziak, eta abar. Azpimarratu duenez, programa horrek lagunduko ditu 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eginiko gastu edo inbertsioaren %50, "gehienez jota, 500 euro elkarte bakoitzari". Abenduaren 15era arte egin daitezke eskaerak, BAZen.