Txema Matanzas: "Pausoak positiboak dira, baina asko dugu egiteko oraindik"

Eneko Azurmendi 2020ko aza. 19a, 11:54

Txema Matanzas abokatua, eskuinean, Kulturaten egin zuen hitzaldian, atzo.

Arrasateko Sarek antolatuta, eta Izan Bidea ekimenaren baitan, Txema Matanzas abokatuak hitzaldia egin du Kulturaten. Azken urteetan espetxe politiketan egindako aldaketez gain, herriko euskal preso eta deportatuen egoeraz egin du berba.

Abokatu ikasketak amaitu eta berehala hasi zen Matanzas euskal presoak defendatzen, eta oraindik ere horretan jarraitzen du. Sarek gonbidatuta, Kulturaten izan da asteon, "azken 20 bat urteetan euskal presoei dagokienean egon diren lege aldaketa nagusien" gainean hitz egiten, "aldaketa horiek eragin handia izan dutelako haiengan".

Matanzasek dio, aldaketa horien artean, azpimarratzekoak direla batetik, 1995ean egindako Zigor Kodearen aldaketa, "erredentzioak desagertu zirelarik" eta bestetik, 2003an indarrean sartutako 7/2003 Lege Organikoa, "horrek ezarri zituelako, batez ere, euskaldunei begirako baldintza bereziak, oso propio beraientzat prestatutakoak".

"Ahalik eta gehien" ordaindu dezan, tematuta

Arrasateko euskal preso eta deportatuen egoerak ere izan ditu hizpide. Unai Paroti dagokionez, esaterako, azaldu du estatua hasieratik tematu izan dela "ahalik eta gehien" ordaindu dezan eta horretarako lehenbiziko saiakera izan zela gerora Parot doktrina bezala ezaguna dena. "2006an, asmatu zioten bigarren delitu bat, ordura arte existitzen ez zena. Horren gakoa da ordura arte ETAko kide bat espetxean sartzen zutenean, ETAkoa zela eta espetxealdiak irauten zuen bitartean, erakundearekin harremanetan jartzen bazen ere, hori ez zela zigortzen. Bakarrik zigortu zitekeen berriz ETAn sartzea edo ETAn kolaboratzea behin espetxetik atera ostean. Hala ere, Unai, espetxean zegoela, aipatutako doktrina hori hautsiz, berriro epaitu zuten, militante izateagatik, nonbait, Unaik erakundera bidalitako ohar bat aurkitu zutelako. Bigarren militantzia horren ondorioz, 11 urteko kondena ezarri zioten. Praktika da 29 urte egin dituela kartzelan eta beste 11 egin behar dituela".

"Ibilbide penitentziario osoa egiteko aukerarik ez du izan"

Josu Arkauzi dagokionez, azpimarratu du ez diotela Frantzian kartzelan emandako urteak aintzat hartu. "Bestalde, bigarren gradura iristeko eta baimenak eduki ahal izateko, ezinbestekoa da sailkapenean aurrera egitea eta Murtziako espetxeak horretarako jarritako baldintzak ezinezkoak dira. Aktibitate bezala, kirol jarduerak eta horrelakoak egin beharrean, eskatzen ziotelako barkamena eskatzea, autoritate judizialekin kolaboratzea eta abar. Beraz, pixkanaka joan da erredentzioak eskuratzen eta horrek murriztu dio, nolabait, kondenaren tamaina. Baina ibilbide penitentziario osoa egiteko aukerarik ez du izan". Senideek baieztatu dutenez, gainera, azaroaren 23an utziko dute aske Josu Arkauz

"Erabateko ziurgabetasun juridikoan daude deportatuak"

Azkenik, Eugenio Barrutiabengoa eta Jose Manuel Pagoaga Peixoto deportatuen egoera eta preskripzioaren figura ere jorratu ditu. "Azpimarratu behar da deportatua dagoen pertsonak itzultzea baduela, baldin eta bere kasua preskribituta badago. Baina preskripzioaren figura oso konplikatua da, oso teknikoa eta pertsona baten egoera zehatza menperatzeko modu bakarra da Auzitegi Nazionalean dagoen bere espedientea edo berari dagokion zatia ikustea. Horretarako bi aukera daude. Batetik, estatuak borondatea badu, fiskaltzak eman diezaguke aukera hori. Hori garai batean egiten zuten, baina orain eten egin dute. Hori dela eta, aukera bakarra da deportatua dagoen pertsona hori epaitegiaren aurrean agertzea, itsu-itsuan, jakin gabe bere espedientea nolakoa den. Beraz, gerta daiteke bere preskripzioa etenda egotea eta ondorioz epaiketa bat izan dezake, auskalo zenbat urteko zigorrarekin. Erabateko ziurgabetasun juridikoan daude deportatuak".

"Bagoaz aurrera, baina asko daukagu egiteko"

Gaur egungo egoerari ere erreparatu dio abokatuak. "Espainiako Gobernua hasi da, neurri batean, espetxe politika tresna politiko gisa erabiltzeari uzten. Pausoak positiboak dira, zalantzarik gabe, baina oraindik ez dituzte hurbiltzen Euskal Herrira. Kokapen geografikoari dagokionez, aurrerapausoak ematen ari dira, baina arazo handiak eta korapilatuak izango ditugu Euskal Herriko espetxeetatik kalera ateratzeko. Izan ere, eskuin judiziala oso gotortuta dago auzitegietan. Beraz, bagoaz pixkanaka aurrera, baina asko dugu egiteko oraindik".

Ekintzaz betetako asteburua

Izan Bidea ekimenaren baitan, bihar, zapatua, manifestazioa egingo dute, 19:00etan, Seber Altubetik abiatuta, Bidea gara, bidean gaude! Denak etxera! lelopean. Domekan, bestalde Arrasateri bira egingo dute, 10:30ean Monterronetik abiatuta. "Bidegorriz bidegorri oinez, 10 kilometroko itzulia". Astelehenean, azkenik, Monterronen ekitaldia egingo dute, 19:00etan, "espetxe politika eta, zehazki, biziarteko zigorrak salatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak