Hitzaldia, manifestazioa eta ibilaldia antolatu ditu Sarek 'Izan bidea' ekimenaren baitan

Mirari Altube Arrese 2020ko aza. 14a, 08:48
Uztailean egindako ibilbideko argazki bat.

Herriguneetara eroan gura du oraingoan Sare Herritarrak Izan bidea ekimena, herriei eta auzoei protagonismoa eman eta "bidea jende gehiagorekin egiteko". Horretarako hitzaldi bat, manifestazioa eta ibilaldia antolatu ditu Arrasaten, datorren asteari begira.

Maiatzaz geroztik abian dagoen Izan bidea, ibiltarien sarea dinamikaren xedea gogorarazi gura izan dute Arrasateko Sareko kideek, "euskal jendartearen parte-hartze aktiboa bilatzea" hiru ideia nagusiren baitan: preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jartzea, elkarbizitzan bizi den jendarte baten eraikuntzan aurrera egitea eta bakearen aldeko urratsak ematea. "Jendartea fase eraikitzailean kokatzea garrantzitsua dela uste dugu, iraganeko zauriak sendatuz, aurrera begira jarrita. Finean, egoera hau behin betiko gainditzea nahi dugun ibiltari aktiboak gara, eta aurrera egin nahi duen oro sare honetara batzera gonbidatu nahi dugu", adierazi dute.

Dinamika horrek 3.127.326 kilometro egiteko erronka du ezarrita, Euskal Herriak duen biztanle kopurua beste. Eta horretarako ibiltariak gura dituzte. Horren baitan hain zuzen ere, hainbat ekitaldi antolatu dituzte datorren asterako; hona hemen:

Azaroak 18, eguaztena (19:00)

  • Hitzaldia: 30 urte asko da, aski da! Bizi arteko zigorrik ez. Hizlaria: Txema Matanzas (abokatua). Kulturateko areto nagusian.

Azaroak 21, zapatua (19:00)

  • Manifestazioa: Bidea gara, bidean gaude! Denak etxera! Seber Altubetik abiatuta.

Azaroak 22, domeka (10:30)

  • Ibilaldia: Arrasateri bira. Bidegorriz bidegorri oinez, 10 kilometroko itzulia Monterronetik abiatuta. 

Herritarrak ekitaldi horietara gonbidatu dituzte: "Bizi dugun pandemia garai honetan, lehen baino urgentzia, behar eta ardura handiagoz bidea egiten jarraitu behar dugula uste dugu. Batu zaitez gurekin eta izan zaitez zu ere bidea!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak