Politika feministetan "aurrerapausoak emateko" eskatu diote Udalari oposizioak eta Enpresa Komiteak

Hasier Larrea 2020ko aza. 6a, 15:02

Emakume Txokoaren egoera berraztertzeko eskatu du Arrasateko Udaleko Enpresa Komiteak. Alkateak  Emakume Txokoa birkokatzeko hiru toki posible zerrendatu ditu: Uarkape, Monterrongo jauregia eta Elmako eraikina.

Arrasateko Udaleko Enpresa Komiteak agerraldia egin zuen ostegunean, Emakume Txokoko segurtasunaren inguruan bere ardura adierazi guran.

2014an Emakume Txokoan hainbat egoera larri bizi izan zirela adierazi zuen Komiteak prentsaurrekoan, erasoak, lapurretak eta mehatxuak tarteko.

Gertaera horiek eraginda, urte horretan bertan Udal Gobernuko kideek eta Emakume Txokoko langileek bilera bat egin zuten, eta Emakume Txokoaren kokapena puntu ilun bat zela ondorioztatu zuten. Segurtasun aldetik erantzun bat eman behar zitzaiola adostu zuten, sarrera berri bat egitea planteatuz. 

Baina 2015eko Hauteskundeen ostean osatutako Udal Gobernu berriak proiektu hura bertan behera uztea erabaki zuen, nahiz eta Emakume Txokoa lekuz aldatzearen alde azaldu. Aurten, konfinamenduaren aurretik Emakume Txokoa Elmako eraikinera eramateko aukera posible zela adostu zuten Udalak eta Enpresa komiteak. Hori horrela, Berdintasuneko Langileek harriduraz hartu zuten Lanbideren proiektua Elmara eramatea sinatu zuela Udalak, beraiekin ezer kontrastatu gabe. 

Segurtasun gabeziarekin batera, espazio falta da  Emakume Txokoak sumatzen duen beste arazoetako bat.

Osteguneko osoko bilkurako puntuetako bat izan zen hain justu ere Emakume Txokoaren kokapenari dagokiona, eta Maria Ubarretxena alkateak hiru toki posible zerrendatu zituen.

Oposizioak, bere aldetik, politika feministetan pausurik ematen ez dela aipatu zuen, datozen bi urteetako Gabonetako argien partidan 77.000 euro bideratu diren bitartean, puntu ilunak aztertzeko 5.000 euro baino ez direla onartu argudiatuz.

Azaroaren 25eko mozioak ez du aurrera egin

EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek azaroaren 25aren (Emakumearen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna) inguruko mozio bat aurkeztu zuten atzoko osoko bilkuran, eta Udal gobernuaren botoek ezerezean utzi zuten proposamena. Mozioak pandemia garaian emakumeen aurkako erasoek okerrera egin dutela azaltzen zuen; neurrietan artean zeuden, besteak beste, COVID-19aren eraginak aztertzea eta horren aurkako neurriak hartzea, 2021eko aurrekontuetan Berdintasun Sailan murrizketarik ez egotea eta genero ikuspegia aintzat hartzea, indarkeriaren behatoki bat eratzea, gizonei zuzendutako sentsibilizazio kanpainak, eta Emakume txokoaren lekualdatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak