Emakume Txokoaren egoera berraztertzeko eskatu du Arrasateko Udaleko Enpresa Komiteak

Imanol Beloki Unamuno 2020ko aza. 5a, 16:31

Dorleta Kortazar, David Fernandez de Gamarra eta Maite Barreña prentsaurrekoan.

Arrasateko oposizioko alderdiek aste honetan eskainitako prentsaurrekoarekin batera, Arrasateko Udaleko Enpresa Komiteak agerraldia egin du, gaur, Emakume Txokoko segurtasun ezaren inguruan beraien ardura adierazi guran.

Maite Barreña Arrasateko Udaleko Enpresa Komiteko lehendakaria, David Fernandez de Gamarra Enpresa Komiteko kidea eta ELA sindikatuko ordezkaria eta Dorleta Kortazar Enpresa Komiteko kidea eta LAB-eko ordezkari delegatua batu dira Emakume Txokoaren egoeraren berri emateko.

Emakume Txokoaren harira, kokatzeko

Gai kokatzeko kronologia txiki bat egin dute lehenbizi. "2014 urtean, Emakume Txokoan hainbat egoera larri bizi izan ziren. Eraso pare bat egon ziren, lapurretak, mehatxuak eraikin barruan… Egoera hori ikusita, gai aztertu zen. Horretarako, bilera bat egin zen, prebentzio teknikariak, udaltzain buruak, Udal Gobernuko kideak eta Emakume Txokoko langileek egin zutena; eta, bertan, Emakume Txokoaren kokapena puntu ilun bat zela, eta, arriskua zuen leku bat zela ikusita, segurtasun aldetik erantzun bat eman behar zitzaiola egoerari adostu zen. Orduko gobernuak bere gain hartu zuen gaia, eta proiektu bat idatzi zen, Emakume Txokora sartzeko beste sarrera bat egitea planteatuz… Proiektua eta aurrekontua onartuta zeuden, hauteskundeak iritsi, eta Gobernu berriak, hain zuzen, zerbitzuetako ardura zeukan zinegotziak, proiektua bertan behera geratu behar zela esan zuen, eta ez zen gauzatu. Momentu hartan arrazoirik eman barik. Hortik aurrera, Emakume Txokoaren kokapenarentzako beste leku batzuk bilatzen hasi ziren. Mahai gainean jarri zituzten aukeretatik, arrazoi teknikoengatik izan edo Berdintasun Sailak edo Emakume Txokoak dituen beharrengatik ezeztatzen joan dira urte hauetan", adierazi du Dorleta Kortazarrek.

"2020ko otsailean, Emakume Txokoa Gelmako eraikinera eramateko aukera posiblea irten zen, mahai hori mahai gainean zegoela, itxialdia etorri zen. Eta, bat-batean itxialdiaren erdian, prentsaren bidez, Berdintasun Saileko langileak enteratu ziren Lanbiderebn proiektua Gelmara eramateko ideia zegoela. Galdetu arren, Udal Gobernuak erantzun konkreturik ez ditu eman ordutik", adierazi du Kortazarrek.

Enpresa Komitearen irakurketa

"Gure irakurketa da, beste behin ere Udal Gobernuak bere proiektua kontrastatu barik aurrera eraman duela". Udal Gobernuaren eta Lanbideren arteko hitzarmena aurreratuta zegoela ikusita, "Lanbide Gelmako lehenengo solairura eramateko hitzarmena sinatuta zegoela jakin genuen", eta sorpresaz jaso zutela berria adierazi dute.

Horren aurrean, proiektua berraztertzea eskatu gura izan dute: "Ezin da baldintzatu eraikin oso bat erakunde batekin egiten den hitzarmen baten baitan; Udalari proiektua berraztertzeko eskatzen diogu. Ez dugu esaten Lanbide ezin dela joan Gelmara, baina, eraikin guzti baten planteamendua ezin du baldintzatu, eta, ezin dira lehenetsi kanpotik datozen zerbitzu batzuk, Udalak bere zerbitzuak emateko zailtasunetan baldin badago. Zerbitzu duin bat eman nahi dugu, eta ez, soilik, departamentu bakarrean, beste departamentuek ere beharrak dituzte, gazteriak, esaterako".

Emakume Txokoa eta feminismoa, eztabaidagai

Osteguneko osoko bilkurako eguneko azken puntuan EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek azaroaren 25aren harira jarritako mozioa landu dute, baina ez du aurrera egin Gobernuak aurka botatu ostean. Oposizioko bi alderdiek 21 puntuko mozioa aurkeztu dute.

[Mozioa bere osotasunean irakurtzeko egin klik hemen]

Bertan, nagusiki,  pandemia garaian emakumeen aurkako erasoek okerrera egin dutela azaltzen zuten; neurrietan artean zeuden, besteak beste, COVID-19aren eraginak aztertzea eta horren aurkako neurriak hartzea, 2021eko aurrekontuetan Berdintasun Sailan murrizketarik ez egotea eta genero ikuspegia aintzat hartzea, indarkeriaren behatoki bat eratzea, gizonei zuzendutako sentsibilizazio kanpainak, eta Emakume txokoaren lekualdatzea. 

Bi alderdiek kritikatu egin dute 2021eko aurrekontu proposamenean Gobernuak Berdintasun Sailaren partida jaitsi izana, eta Emakume Txokoaren lekualdatzean "pausurik ez ematea". "Herriko puntu ilunak aztertzeko 5.000 euroko partida jarri duzue, eta Gabonetako argietan 77.000 bideratu dituzue datozen bi urteetarako. Hor ikusten da nola ulertzen duzuen feminismoa" adierazi du EH Bilduko Maider Morrasek.

Gobernuaren izenean Berdintasun batzordeburu Joana Sanchez sozialistak hartu du hitza –euskara hutsean egin du–. Adierazi du EUDELen testu bat eraman zuela batzordera, azaroaren 25erako denen onarpena izango zuen adierazpen instituzional bat lantzeko. "Oposizioko bi kideek bilera bertan behera utzi zenuten, eta ez dugu akordiorik lortu. Formak ikusita, ez dugu mozioa baloratu ere egingo eta aurka botatuko dugu. Hori bai, oraindik garaiz gaude hilaren 25erako testu bat adosteko; gu, behintzat, ahaleginduko gara".  Emakume Txokoaren lekualdatzeei buruz, kokaleku berriak aztertzen dabiltzala adierazi du, eta Uarkape, Monterron eta Elmako eraikina aipatu ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak