Iñaki Etxaberi eta German Agirreri oroimen eta aitortza ekitaldia egingo die Arrasateko Udalak

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urr. 7a, 18:01

Arrasateko Udaleko Bizikidetza batzordeko kideek, Iñaki Etxaberen eta German Agirreren familiakoekin adostuta, oraimen eta aitortza ekitaldia egingo die urriaren 16an, udaletxeko pleno aretoan. COVID-19a dela eta, sarrera mugatua izango da, eta, segurtasun neurri oro bete behar dituztenez, Iñaki Etxabe eta German Agirreren famili-artekoentzat lehenetsi dute tokia. Hala ere, herritarrek ekitaldia jarraitu dezaten, Udalak pantaila bat jarriko du Kulturaten, ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izateko.

2020ko urrian 45 urte bete dira Iñaki Etxabe eta German Agirre bidegabeki erahilak izan zirenetik eta Arrasateko Udaleko Bizikidetza batzordeak –Udaleko alderdi plitiko guztietako ordezkariek osatzen dute–, oroimen eta aitortza ekitaldia antolatzea erabaki dute urriaren 16an.

Honakoa adierazi dute ekitaldiaren berri emateko prentsaurrekoan:

"Aurreko legealdian, Arrasateko Udala memoria eta bizikidetza lantzeko bideari ekin zion. Udaletxean ordezkaritza politikoa zuten alderdien arteko elkarlanetik, 1936-2018 urteen bitartean gure herrian eta Arrasateko herritarrek pairaturiko indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen memoria berreskuratzeko pausuak eman ziren bai eta biktima guztien oroimen eta aitortza bideari hasiera eman ere. Oraingoan Arrasateko Udalak beste urrats bat eman nahi du bide honetan, motibazio politikozko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktimak diren Iñaki Etxabe Orobengoa eta German Agirre Irasuegi oroituz eta aitortuz", adierazi du bozeramaile izan den Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak.

Ekitaldian sarrera mugatua

Ekitaldia urriaren 16an, egubakoitza, izango da arratsaldeko 18:30ean Udaletxeko Pleno Aretoan. COVID-19a dela eta, sarrera mugatua izango da eta segurtasun neurri oro bete behar da. Beraz, pleno aretoan udal talde politikoetako ordezkarientzako eta Iñaki Etxabe eta German Agirreren familia-artekoentzako tokia lehenetsi da. Baina herritarrek ere ekitaldi honetan parte-hartzea ahalbidetzeko nahiarekin, bai eta familia-artekoei euren babesa eta gertutasuna adierazteko aukera izan dezaten Udalak pantaila handi bat jarriko du Kulturaten ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izateko.

Udaletik arrasatear guztiei gonbitea egin gura izan zaie Kulturaten ekitaldia jarrai dezaten edo herriko plazan familiei gertutasuna eskaintzera bertaratu daitezen. Eta ekitaldiaren amaieran Kulturaten bildutakoei ere gonbita egingo zaie Herriko plazara gerturatzeko.

Etxaberen eta Agirreren hilketak

1975eko urriaren 5ean hil zuten tiroz Iñaki Etxabe Orobengoa arrasatearra burua estalita zeramaten hiru ezezagunek, Kanpazarko Etxabe-Enea ostatuan. "Batallon Vasco Españolek erahil zuen Iñaki Etxabe", 2016ko irailean, Arrasateko Udaletxean ordezkaritza politikoa zuten alderdi guztiek osaturiko Memoria eta Bizikidetza mahaiak egindako Memoria Partekatu Baterantz txostenaren arabera.

Etxaberen hilketa izan eta astebetera, German Agirre arrasatearra hil zuten, 1975eko urriaren 12an. Legutioko Guardia Zibilaren kuarteletik 300 metrotara, buruan hiru tiro emanda. Kasu honetan, hilketaren egileak Inkontrolatuak, hau da, eskuin muturreko kideak eta Estatuko Segurtasun-Indarretako zenbait kide zituzten taldeak izan ziren, Arrasateko Udalaren Memoria Partekatu Baterantz txostenean jasotzen denez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak