Euskal Herriko tendentzia artistiko berritzaileenei zabaldu dizkiete ateak Kulturateko klaustroan. Erakusketari hasiera emateko hainbat tailer eta ikuskizun egin zituzten atzo. Ekimenean murgildutako bost sortzaileak ere bertan izan ziren. Esaterako, klaustroan ikusgai dagoen instalazioa egin duten Zuhar Iruretagoiena eta Javier Rodriguez Chavesito.
Xolomo Gangsta kolektiboko kideak ere bertan izan ziren eta bi ordu pasatxoko zuzeneko saioa egin zuten, klaustrotik bertatik radio, show formatuan. Saioa entzungai egongo da erakusketan bertan podcast eran.
Erakusketarekin lotutako testu kritikoa, berriz, Marixe Ruiz de Austri arrasatearrak egindakoa da.
Rap tailer feminista
Inaugurazio ekitaldiaren aurretik, 16:00etan, rap tailer feminista gidatu zuen La Furia musikariak. Rapa ahalduntze feministara gerturatzeko tresna gisa aurkeztu zuen. "Ondorio asko atera ditugu, baina niretzat gordeko ditudanak dira emakumeok espazio propioak behar ditugula. Gure berdinekin elkartzea behar dugu eta identifikatu behar ditugu beste emakumeentzat erabilgarriak izan diren erremintak. Isilduak izan gara. Historikoki isilduak, eta hain da handia sendatzeko eta gure ahotsa entzunarazteko dugun premia guztion erremintak jarri behar ditugula balorean".