Botila festa, Monterron parketik Santa Barbarara

Xabi Gorostidi 2020ko ira. 10a, 16:47

Aurreko barikuan Monterron parkea gauez ixteko erabakia hartu zuen Udalak, besteak beste, botila festak egiten zirela ikusita. Erabakia hartu eta gutxira, botilaz beteta agertu ziren Santa Barbarako bazterrak, eta hainbat erreakzio eragin ditu.

Udan praktika desegokien gorakada igarri ostean, Monterron parkea gauez ixtea erabaki zuen Udalak joan den barikuan; konkretuki, 22:30etik 06:30era. Udaltzaingoaren arabera, udan "nabarmen" igo dira Monterronen egindako esku-hartzeak. 21 izan dira, guztira: zaratak, kexak, maskararik gabeko pertsonak, botila festak... Iaz, esku-hartze bakarra egin zuten uda osoan; eta, aurreko eguenean, egun bakarrean, hamaika isun jarri zituzten. "Azken bi asteetan, udaltzainek 49 isun jarri dituzte osasun neurriak ez betetzeagatik, eta horietatik %50 Monterron parkean izan dira. Gogorarazi nahi dugu Euskadi alarma egoeran sartu zenetik, abuztuaren 17a ezkero, Udaltzaingoak salaketa proposamenak Jaurlaritzako Segurtasun Sailera bidali behar dituela; izan ere, Segurtasun Saila da alarma egoeran isunak ezartzen dituen organoa. Ikusirik esku-hartzeak eta isunak egon arren bilera sozialek eta botila festek jarraitu egiten dutela, Monterron parkea ixtea erabaki dugu, neurri gehigarri bezala. Era berean, Udaltzaingoaren zaintza-lanak areagotu egingo dira inguruan", azaldu zuen Udalak, prentsa ohar bidez.

Baina Monterron itxi ostean, Santa Barbarara lekualdatu dira botila festak. Domeka goizean, adibidez, botila eta lata ugari agertu ziren Santa Barbarako mahaien gunean, eta gaiak zeresana eman du herritarren artean, sare sozialetan eta politikarien artean. Martitzenean, Arrasateko PSEEEk oharra kaleratu zuen, gaiari buruz "arduratuta". Santa Barbaran zaintza lanak areagotuko dituztela aurreratu zuten, eta zera gehitu ere: "Arrasatear gehienak modu arduratsuan jokatzen ari dira. Tamalgarria litzateke gutxi batzuengatik birusa herrian hedatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak