Transportes Aranburu, Zalduspe urbanizatzeko hurrengo urratsa

Xabi Gorostidi 2020ko ira. 1a, 15:11

Arrasateko Udalak Transportes Aranburu eraikina eraisteko lanak esleitu berri ditu. Hori egin aurretik, bertako erabiltzaile den Dorletako Ama Txirrindulari Elkarteari egoitza berri bat eman behar diote; San Andres auzoko udal eraikin baten kokatuko dituzte –tailagileekin batera–, eta eraikin hori birgaitzeko lanak ere esleituta daude.

Arrasateko Udalak urrats berri eman du Zalduspe gunea urbanizatzeko bidean, Tranportes Aranbururen eraikina eraisteko lanak esleitu berri ditu eta. Lanek 142.000 euroko kostua izango dute eta Nafarroako enpresa batek egingo ditu. Hala, Zalduspe gunea urbanizatzeko  hirugarren urratsa emango du Udalak.

Zalduspen, oraindik bota ez diren eraikinetan hainbat erabiltzaile daude: besteak beste, Telefonicak hainbat makina ditu ospitale ondoko eraikinean, Pazi-Ola egoitza ohian autoen gordailua dute udaltzainek, errepidearen beste aldean dagoen eraikinean tailagileak eta SUDC daude, eta Arrasate Kristaldegiaren eraikin zaharrean, aldiz, Margo Taldekoak.

Behin guzti horiei ordezko egoitza bat emanda, 2024 urterako  aurreikusten dute Zalduspe erabat urbanizatuta egotea, eta hainbat berritasun izango ditu gaur egungo itxurarekin alderatuta: Fagor Arrasateko sarrera parean biribilgune bat jarriko dute, Zerrajerako kaleko bidegorria haraino helduko da eta AGA eta JMA dauden pabiloira jarraituko du handik, Oltam lantegi ohia bota egingo dute atseden gune bihurtzeko...

Gaur egun, Zalduspen inguruan 120 aparkaleku daude eta behin urbanizatuta 167 aparkaleku izango ditu. Eremu industrial horren parke teknologiko izaerako 17.000 metro karratuko eraikin bat ezarriko dute. 

Eraikinaren %35a SPRI erakundearena izango da, Udalak eta SPRIk Aprendizen Eraikinarekin egindako permuta akordioan jaso bezala. Eraisketen eta eremua guztiz urbanizatzearen kostu totala 4,5 milioikoa izango da. 

Transportes Aranburu eraisteko esleipenarekin batera, Araba Etorbidea 13 izeneko eraikina birgaitzeko lanak esleitu ditu Udalak. Eraikina Uribesalgo lantegiaren alboan dago eta Udala da horren %50aren jabe. Birgaitze lanek 99.000 euroko kostua izango dute, eta bertan kokatuko dituzte tailagileen elkartea eta Dorletako Ama Txirrindulari Elkartea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak