2021eko ordenantza fiskalak gertu inoiz baino lehenago, adostasun politikotik urrun

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko uzt. 29a, 11:01

Atzoko ezohiko bilkuran onartu ziren, behin behineko izaeraz, 2021erako ordenantza fiskalak. Gobernuak dio "zero igoera" aplikatuko duela eta osoko bilkurara inoiz baino lehenago eramatearen arrazoia da irailean "oso garrantzitsua" izango den 2021eko udal aurrekontua "sakon" landu gura dutela. Oposizioak kontra bozkatu zuen, diotenez, egoera ekonomikoa "oso aldakorra" denez "goizegi" delako zergen eta tasen inguruan berba egiteko. Horrez gain, hiri antolamenduaren bueltan izan zen eztabaida gehien.

2020ko ordenantza fiskaletan egin diren aldaketekin lanean ari zirela baliatu du Udal Gobernuak 2021ekoen proposamena udalbatzara eramateko. "2021eko ordenantza fiskalen ardatz nagusia izango da zero igoera aplikatzea, uste dugulako herritarrengan ezin dugula zama handiagoa jarri. Orain onartu ditugu, horrek aukera emango digulako irailean 2021eko udal aurrekontua lantzen hasteko. Oso garrantzitsua izango da 2021eko aurrekontua eta lanketa sakona egitea beharko dugu", esan zuen Maria Ubarretxena alkateak. Hain zuzen ere, datorren urteko ordenantzen ezaugarri orokorretako batzuk honako hauek izango dira: zerga, tasa eta prezio publikoetan igoerarik ez aplikatzea; COVID-19aren ondorioz onetsitako hobariak indargabetzea; eta hobari batzuk aldatzea.

EAJko bozeramaile Anuska Ezkurra.

EH Bilduk 2021eko ordenantza fiskalen proposamenaren kontra bozkatu zuen. "Gobernuak titularra nahi zuen, zero igoera aplikatuko dela esatea. Baina jasotzen ari garen datu ekonomikoak oso txarrak dira, eta astetik astera ari dira aldatzen; horregatik, ez dugu ulertzen zergatik ezin dugun udazkenera arte itxaron eta oporren atarian hartu behar den halako erabaki garrantzitsu bat. Gainera, Gobernuak ez du aldaketarik proposatzen; gureak eta Ibai-Arterenak dira aldaketa esanguratsuenak", deritzo EH Bilduko bozeramaile Maider Morrasek.

EH Bilduko eledun Maider Morras, eta ondoan Kepa Urteaga.

Elkarrekin Podemosek ere aurka bozkatu zuen, eta Gobernuaren "immobilismoa" salatu zuen, besteak beste, Igor Urizarrek: "Mundu mailako krisi egoera bizi dugun testuinguru honetan neurri oso eskasak dira, ez dute aldaketa sakonik proposatzen. Gainera, atzean eredu erregresiboa dute ordenantza fiskalok: gehien dutenen alde egiten dute, eta gutxien dutenei jarriko die zama fiskal handiena ".

Elkarrekin Podemoseko Igor Urizar.

Hiri antolamenduak ere eragin zuen eztabaida

Bilkurako gai zerrendan hiri antolamenduarekin zerikusi zuzena duten gai bi landu ziren. Batetik, San Andres Berri esparruko Plan Berezia behin betiko izaeraz onartzea, alegazioei erantzun ostean. Polmetasaren lantegi zaharrari eta inguruko guneari eragiten dio erabakiak, baina oraindik urbanizazio aldetik zehatzagoa izango den plan zehatzago bat lantzeke du Udalak. "2011ko agintaldian onartu zen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari baiezkoa eman genion eta plan horretan ez dugu aldaketarik egin; dokumentu hori da gure oinarria", esan zuen Ubarretxenak.

Bestetik, Zerrajerako putzuan egitekoak diren etxebizitzek ere eragin zuten eztabaida, onartu ez zen Elkarrekin Podemosen mozio baten bidez. Ubarretxenak atzo GOIENAri adierazi zionez  enpresa eraikitzaile bati esleituta dago proiektua: "Visesak adjudikatu du proiektua eta pentsatzen dugu obrak laster hasiko direla". Moyua enpresa izango da obrak exekutatzearen arduraduna eta aurreikuspena da etxebizitzak banatzea 2023ko laugarren hiruhilekorako; 184 etxebizitza egitea dago aurreikusita, 121 alokairuan eta 63 salmentan.

EH Bilduren ustez Udal Gobernuak ez du inongo etxebizitza politikarik sustatu Arrasaten. "Promozio pribatu pila bat daude martxan; Amenabar, Uribesalgo, Polmetasa... Eta Txaetakoak salmentara bakarrik bideratuko dira. Eskatzen duguna da alokairua sustatzeko, eta horretarako negoziatu dezala Eusko Jaurlaritzarekin. Etxebizitza politika bat behar dugu egoera zaurgarrienean daudenek aukera izan dezaten etxebizitza duin bat izateko".

Elkarrekin Podemoseko Igor Urizarrek dio bi eredu kontrajarri daudela atzean: "Batetik, Gobernu honen eredu neoliberala dago, espekulazioa sustatzen duena eta alokairuak garestitzen dituena. Bestetik, alokairu sozialaren eredua dago, herri honetan dagoen lehen mailako arazo soziala arintzen lagunduko zuena". Urizarrek eskatu zion Gobernuari Jaurlarizako Visesa erakundearekin negoziatzeko, etxe guztiak alokairu sozialekoak izan daitezen.

Udala Euskaraldirako entitate izatea aho batez onartua, baina eztabaidarekin

Atzoko ezohiko bilkuran aho batez onartu zen Arrasateko Udala Euskaraldirako entitate izatea eta besteak beste, udalbatza bera arigune izendatu zuten. Hala ere, eztabaida izan zen gai horretan ere. EH Bilduren arabera, atzerapausoak ematen ari dira: "Euskararen gaian adostasuna sustatuko dugu baina atzerapausoak ematen ari dira. Hainbat batzordetan eskatu behar izan dugu txostenak euskaraz egitea, eta hori lehen ez zen gertatzen. Udaletxe barruan euskara politika ausartagoa eta indartsuagoa behar dugu; gaur [atzo] onartu diren ordenantza fiskaletan jasotzen da udal euskaltegian euskara ikasteagatik ordaindu egin beharko dela. Horrekin ez gaude ados, adibidez".

Maria Ubarretxenak "penaz" hartu zuen euskararen gaiak eztabaida politikoa eragin izana: "Gai bat baldin badago ika-mika politikotik atera behar dena hori euskara izan beharko litzateke. Uste dut guztiok horren inguruan hausnartu beharko genuela, udalbatzako talde guztiak gaudelako euskara sustatzearen alde".

Victoriano Fuentesen liberazioa

Atzoko bilkuran onartu zen, bestalde, PSE-EEko zinegotzi Victoriano Fuentes erabateko dedikazioz liberatzea. Ekainaren 15etik ari da lanean Udalarentzat eta atzokoan onartu zen tramitea; Fuentesek 40.779 euro gordin kobratuko ditu, hamalau hilabetetan ordaintzeko.

PSE-EEko Victoriano Fuentes.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak