10 urte beteko dira, laster, Arrasateko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Zerrajerako D partzelan etxebizitzak egiteko akordioa sinatu zutenetik. Baina babes ofizialeko etxebizitzak ez dira egin, eta partzela putzu erraldoi egoeran dago, intsektu eta higiene arazoekin.
Etxebizitza Sailak eta Udal Gobernuak lan bilerak egin dituzte azkenaldian, eta akordioa lortzekotan daude esparru hartan babes ofizialeko 216 etxebizitza egin ahal izateko. Etxebizitza Sailak azaldu duenez, egun indarrean dagoen Etxebizitza Legeak behartuta, egingo diren 216 etxebizitza horien gehienak alokairura bideratuko dira.
"Visesa, une honetan, sustapena bideragarria ote den aztertzen ari da. Hiru egoitza-blokeetako lehena sustatzeko aukera planteatzen ari da, sustapen bikoitza ezarrita: batetik, babes ofizialeko etxebizitza salmentan; bestetik, babes ofizialeko etxebizitza alokairuan".
EH Bilduri erantzuna
Irailean, Arrasateko EH Bilduk partzela horren egoerari buruzko azalpenak eskatu zizkion Etxebizitza sailburuari eta haren erantzun ofizialaren bitartez jakin dute egoera desblokeatzeko gertu dagoela.
"Jaurlaritzak dio oraingo legealdian desblokeatu dutela putzuaren partzelako gaia. Udaleko oposizioan ez dakigu ezer ofizialki horri buruz, eta susmoa dugu agintean den kolore politikoaren arabera jokatzen duela Jaurlaritzak. Hori onartezina da EH Bildurentzat".
Udaleko Hirigintza Sailak adierazi du lan-bilerak egin dituztela azkenaldian Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin. "Bilera emankorrak izan dira, baina oraindik ez dugu akordio ofizialik lortu".
Hamar urteko blokeo egoera
2007ko abenduaren 21ean konpromiso akordioa sinatu zuten Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eta Arrasateko Udalak Zerrajera 2 eremuan babes ofizialeko etxebizitzak egiteko.
5.274.594,63 euroren truke adostu zuten udal jabegokoak ziren D eta F partzelak Jaurlaritzari ematea; F partzelan alokairurako 108 etxebizitza egiteko eta D partzelan, egun putzua dagoen partzelan, saltzeko 216 etxebizitza egiteko, azalera-eskubidean. Baina D partzela ez aurrera ez atzera egon da urte hauetan zehar, bi arrazoi nagusirengatik: etxebizitzetan egin beharreko lurpeko aparkaleku kopuruagatik eta azken bi udal gobernuek etxebizitza horiek alokairura bideratzeko egindako eskariengatik.
"Aurreko bi legegintzaldietan zehar Udalak ez dio Etxebizitza Sailari sustapen hori hitzartutako baldintzetan egiteko aukerarik eman. Bestela, honezkero eginda legoke", azaldu du Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak.
Arrasateko EH Bilduk erantzun du esanez alokairuan egiteko eskatu izan arren, Jaurlaritzak eskubidea izan duela etxebizitza horiek hitzartutako baldintzetan eraikitzeko.
"Eusko Jaurlaritzak gainetik kentzen du erantzukizuna gaiari buruz eta ANVren eta Bilduren legealdietako udalbatzei errua egozterakoan. 2007ko abendua ezkero hitzarmen bat dago indarrean Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren artean partzela horri buruz. Lurzoru eskubidean, etxebizitzak erregimen ezberdinean egin daitezke, salmentarako edo alokairurako, baina Jaurlaritzak ez du eskubide hori gauzatu".
Alokairu eskaria handiagoa da
Jaurlaritzaren erantzun ofizialean, Arrasaten etxebizitza lortzeko Etxebiden jasotako eskariak zehazten dira. 587 lagun dira guztira, 439 Arrasaten erroldatutakoak eta 148 Arrasatetik kanpokoak. Horietatik 488k alokairu erregimenean egin dute eskaera; eskatzaileen %83,13k, alegia. (Datu guztiak Etxebizitza Sailaren PDFan aurki daitezke).