87.295 partaideren artean lehen geratzea ez da meritu makala. Hamar astean, 5.558,92 puntu batu ditu; eguneko 79,18 puntu, batez beste. Profileko irudiari esker, ziur Arrasateko gaztetxeko horma-irudi bat ezagun egingo zaiola Egunean Behin-eko 80.000 jokalarietako batzuei.
Ez da meritu makala 87.000 jokalariren artean lehen geratzea. Zorionak!
Eskerrik asko. Oso pozik nago, egia esan. Gutxitan lortu dut asteko sailkapenean lehen izatea, baina erregulartasunari esker denboraldiko lehen postuan amaitu dut.
Meritua, ordea, etxekoekin partekatu beharrekoa da, ezta?
Bai, noski. Ez da nire garaipena izan, etxeko guztien lorpena baizik. Talde-lanean jokatzen dugu, denen artean; hori da gure sekretua.
Zuentzako familia une goxo bat da Egunean behin-en jokatzea?
Hala da. Orokorrean, afalostean batzen gara, eta ohitura polita bilakatu da guretzat.
Besteek ere maila aparta dute?
Izadi lehen asteko irabazlea izan zen, Mikelek hainbat astetan lortu du puntuaziorik onena...
Puntuazio altu horiek lortzeko zein estrategia erabiltzen duzue?
Ahalik eta azkarren erantzutea funtsezkoa da aurrean egoteko. Gure kasuan, bakoitzak bere espezialitatea du: batek zenbakiak, besteak letra-zopak, besteak abestiak edo kultura gaiak... eta, horrez gain, zorte on dosi handia eduki behar da.
Norbaiti irakurri nion 30-40 segundotik behera 10etik 10 lortzen duena ez dela jende fidagarria...
Jende fidagarria gara; etorri eta ikusi. Taldean egitea da gakoa, ez dago besterik.