Arrasateko eta bailarako zinegotzien babesa izan du Eneko Andueza Gipuzkoako Sozialisten buruak, Arrasaten egindako hauteskunde ekitaldian. Ekitaldi laburra izan da, non Anduezak mezu konkretuak helarazi dituen, batez ere, ekonomiarekin lotuta.
Lehenik eta behin, Gobernuan aritu diren azken agintaldian egindako lana jarri du balioan, eta azpimarra egin du Kooperatiben Legea aurrera ateratzeko sozialistek egindako lanean. "Legealdi honetan Kooperatiben Legea adostea eta aurrera eramatea lortu dugu, eta hori euskal sozialisten eskutik etorri da; guk kudeatzen dugun departamendu batetatik. Lege hori izugarri garrantzitsua da guretzat, batez ere, langileen alde egiten dugun apustuagatik. Kooperatibek sekulako pisua dute euskal industrian, eta, zer esanik ez, Gipuzkoan. Gure nortasunaren parte oso garrantzitsua dira, eta horiek babestea izan da gure apustua".
Hurrengo legealdira begira ere jarri da Andueza, eta adierazi du enplegua indartzea izango dela datorren krisiari aurre egiteko konponbide eraginkorrena. "Enpleguaren aldeko apustua egin behar dugu, eta horretarako plangintza berezi bat egin nahi dugu. Arrasate bezalako eskualde bereziak babestea, enplegua sustatzea eta ikerketa eta garapena indartzea ezinbestekoak izango dira. Hori izango da erronka nagusia, inor atzean ez uzteko".
Domekako hauteskundeetan botoa ematearen garrantzia aldarrikatu du, "etorkizuna jokoan dagoelako". "Asko dago jokoan. Nagikeria ezin daiteke aitzaikia izan, eta astelehenean kexatzeak ez du balio; beraz, domekan botoa ematea oso garrantzitsua da".