Ordutegi aldaketak
Goiz osoko eta arratsalde osoko txandatan antolatu dute igerilekuen erabilera. 09:30etik 10:30era bitartean esate baterako, igerilariek izango dute igerilekua erabiltzeko aukera eta guztira, 32 pertsonentzako tokia egongo da, 16 kaletan banatuta.
Goizeko txanda 11:00etatik 15:00etara bitartean izango da eta 15:00etatik 16:00etara bitartean, desinfekzio lanak egingo dituzte arratsaldeko txandakoentzako, zein 20:30ean amaituko den.
Ordutegiez gain, igerilekua erabiltzeko egun kopurua ere aldatu egin da, izan ere, edukiera areagotzearekin batera, herritarrek astean lau egunetan –egun bat bai, hurrengoa ez– erabili ahal izango dute igerilekua. Hala ere, aurrez txanda eskatzea –www.arrasate.eus atarian edota 943 25 20 30 telefonoaren bitartez– ezinbestekoa da, igerilekuan zein herritar egon den jakiteko helburuarekin.
Bonuak
Urteko abonuaz gain, igerilekua erabiltzeko hilabeteko edota udako abonua egin behar da eta horiek eskuragarri egongo dira Musakolako kiroldegiko harreran. Gauzak horrela, aurten ez da eguneko sarrerarik salduko.
Herritar mota | Hilabeteko bonua | Udako bonua (uztailetik irailaren 15era bitartean) |
Umeak (18 urtetik beherakoak) | 12,10€ | 41,70€ |
Helduak (18 urtetik gorakoak) | 20,20€ | 70,10€ |
Familiarra | 32,20€ | 112€ |
Berdeguneko lau guneak
Igerilekuko berdegunea lau gunetan dago banatuta eta igerilekuko txanda aukeratzerako orduan, berdeguneko gunea ere aukeratu beharko da. Izan ere, herritarrek aukeratzen duten gunearen arabera, sarrera ere gune horri dagokion koloreari (berdea, arrosa, horia edo laranja) jarraituta egin beharko dute.
Muskulazio gimnasioa
Eguaztenean zabaldu dute baita ere, muskulazio gimnasioa, nahiz eta mankuernak eta pesak ezingo diren erabili. Kasu honetan, orduko hiru pertsonek izango dute gela erabiltzeko aukera eta txanda hartzea ere ezinbestekoa izango da. Goizeko txanda 09:00etatik 15:00etara bitartean izango da eta 16:00etatik 20:30era bitartean arratsaldekoa. Izan ere, 15:00etatik 16:00etara bitartean desinfekzio lanak egingo dira.