Sustatzaileen hitzetan, kanpainaren helburua, errelato guztiak kontuan hartuta, krisi egoera ikuspegi feministatik lantzea da. Parte hartzeko epea uztailaren 3an bukatuko da eta adin eta profil guztietako emakumeak animatu nahi dituzte ekimenera. Ekarpenak jaso ondoren, kontakizun bat egingo du Emakumeen Txokoak, eta aurretik emango die azken produktuaren berri parte hartzaileei.
Ekarpenak egiteko, hainbat aukera
Bizipenak, kezkak, ardurak eta Koronabirusak azaleratutako egoerak jaso nahi ditu Emakume Txokoak. Horretarako, krisiak emakumeen bizitzetan nola eragin duen galdetu nahi die parte hartzaileei. Besteak beste, jendartean eta zerbitzu publikoetan azaleratu diren "gabeziak" eta emakumeen ongizateari dagokionez sumatu dituzten "hutsuneak" partekatzeko eskatu dute. Baina, zaintza lanak, telelana, langabezia, indarkeria egoerak, sareak, komunitatea, arrazakeria eta bestelako gaiak ere izan daitezke hausnarketen oinarri.
Ekarpenak egiteko, formatua librea izango dela azaldu dute; testuak, bideoak, argazkiak edota olerkiak bidali ahalko dira. Gainera, ekarpenak anonimoak izan daitezke, eta bakarka zein taldean egindakoak. Mezuak WhatsApp bidez (618 20 62 33) edo posta elektronikoz (emakumetxokoa@arrasate.eus) bidal daitezke eta baita 943 79 41 39 telefonora deituta ere.