Lantokian izandako lan istripu "larria" salatzeko elkarrateratzea egin dute Avanza taldeko langileek

Maialen Santos 2020ko eka. 16a, 14:55

Avanzako enpresa batzordeak, ELA, UGT, LAB eta ESK sindikatuek eta autobus-gidariek elkarreratzea egin dute gaur eguerdian, lantokiko hornidura eremuan duela egun gutxi gertatutako "istripu larria" salatu, eta Avanza taldeari eremu hori konpondu dezala eskatzeko. 

Agustin Gorostegi enpresa batzordeko kideak adierazi duenez, Arrasateko autobusen gordelekuan dagoen hornidura eremua konpondu dezatela eskatzeko egin dute protesta, "istripu gehiago egon ez daitezen". Azaldu duenez, hornidura tokia "oso irristakorra" da, eta gasoila erori eta euria egiten duenean "are arriskutsuago" bilakatzen da. Gainera, eremu hori garbitzen ez dutela ere salatu gura izan dute langileek. 

Gorostegik aitortu du iaz salaketa jarri zutela Avanza taldearen aurka: "Une hartan inspekzio teknikoko arduradunek langileei eman zigun arrazoi, eta enpresari gune hori ahalik eta azkarren konpontzeko eskatu zioten". Gorosabel hitzetan, baina, enpresak oraindik ez du "erantzunik" eman, eta beraz, berriro jarri dute enpresaren aurkako salaketa. 

Ekainean, "bi istripu"

Ekainean gertatutako istripuak salatzeko ere baliatu dute elkarretaratzea. Izan ere, azken hilabetean bi istripu izan dira hornidura eremu horretan; hilabete hasieran orkatila bihurritu zuen autobus-gidari batek, eta duela egun gutxi, bestalde, peronea puskatu zuen beste batek. Azken honi, gainera, ebakuntza egin behar izan diotela azaldu du Gorostegik. 

Azkenik, enpresa batzordeko kideak azaldu du eremu hori hobetzeko "zenbait proposamen" egin dizkiotela Avanzako arduradunei, eta langileen ustez "oso berandu" ari direla jokatzen. Gauzak horrela, adierazi du konponbidea aurkitu arte "protestan" jarraituko dutela, langileen osasunaren alde. 

GOIENA Avanza taldeko arduradunekin ere jarri da harremanetan, baina ez dute adierazpenik egin gura izan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak