Behin behineko zirkulazio aldaketak Gipuzkoa etorbidearen inguruan, "egoera berrira begira"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko eka. 15a, 15:42

Arintze fasearen hasieran egin ziren trafiko aldaketak egoera berrira egokitzeko asmoz, aldaketa aipagarriak egin ditu Arrasateko Udalak Gipuzkoa etorbidearen bueltako zirkulazioan. Etorbide nagusi horretako bide bat, esaterako, ibilgailuei zabalik dago atzo, ekainak 15, goizetik. Aldaketok ez dira aldez aurretik iragarri eta horrek egoera kaotikoa eragin du tarteka Euskal Herria plazaren bueltan, batez ere lehen orduetan. Aldaketa hauen helburua da, hirigintza zinegotzi Ibon Arruperen arabera, "pandemiaren osteko ohitura berriak" egonkortzea; behin behineko izaeraz aplikatu dira: "Egoera berrira begira egin dugu; normaltasun berria finkatu ahala ikusiko dugu".

Trafiko aldaketa aipagarriak dira atzo goizean ezarri zirenak. Lehena, Gipuzkoa etorbidea berriro ere ibilgailuei irekitzea., Musakolatik erdigunerako norabidean. Bigarren aldaketa aipagarriena arrasatearren artean Villamparo moduan ezaguna den eremuan egin dute, Garibai kaleko 16. zenbakiko eraikiaren bueltan, alarma egoeran gune hori biribilgune bihurtu delako praktikan. Orain ezingo da Etxe Txikiak kaletik eremu horretara joan. Eta hirugarren aldaketa aipagarriena da Euskal Herria plazako buelta osoa norabide bakarrekoa dela aurrerantzean.

Era berean, Garibai etorbideak, Maalako biribilgunetik Biteri kaleraino, motordun ibilgailuentzat guztiz itxita jarraituko du, baita Grupo San Juaneko erreka bazterreko pasabideak ere. Biteri etorbideak norantza bikoitzarekin jarraituko du, Nafarroa etorbidea eta Garibai etorbidearen artean.

Ekainaren 15etik aurrera aplikatu diren zirkulazioa aldaketak islatzen dituen planoa.

Behin behineko izaeraz, eta data zehatzik gabe

Udaleko brigadako langileak gaur goizean aritu dira aldaketa horiek guztiak margotzen eta seinaleztatzen. Baina aldez aurretik ez ziren aldaketa horiek iragarri, eta gidari batzuk galduta ibili dira egoera arriskutsu bat baino gehiago sortuz. 

Aldaketak egin eta lehen orduetan noraezean ibili dira gidari batzuk.; Euskal Herria plazaren buelta norabide bakarrekoa da orain.

Aldaketok hirigintza batzordean adostu ondoren ezarri dituzte, betiere "ohitura berriak egonkortzeko" asmoz. Eta behin behinekoak izango dira. "Normaltasun berria finkatu ahala ikusiko dugu", aurreratu du hirigintza zinegotzi Ibon Arrupek.

TAO, 2021eko apirilera arte

Mugikortasunarekin lotura zuzena duen beste gai garrantzitsua bat da TAO sistema herri osora hedatzeko proiektua. COVID-19ak atzeratu egin du hori ere. "Pandemiak parte hartze prozesua atzeratu du eta espero dugu hiru hilabetea atzeratzea TAO herri osora hedatzeko epea. 2021eko apirilera arte-edo", aurreratu du Arrupek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak