Egoerak uzten badu behintzat, uztailean zabalduko dute Arrasaten Santa Barbara parkean egokitu duten ur parkea. 2019ko martxotik ibili dira bertan lanean, eta haurren kontseiluak parte jartze zuzena izan du proiektuan.
Ur parkeak igerilekuek bete behar dituzten baldintzak betetzen ditu, desgaitasuna duten pertsonendako irisgarria da eta gaur egin dute azpiegitura frogatzeko azken saioa. 300 metro koadro ditu ur parkeak denera, , eta 21 ur jokok osatzen dute, 26 elementu eta 31 txorrotekin. Jokoak, bi gunetan daude banatuta adinaren arabera.
Jasangarritasunarekin lotutako irizpideak jarraituz, ur parkeko ura berrerabili egiten da Vortex izeneko teknologiari esker.
Era berean, txorrotak sakagailu edo pultsadore baten bitartez piztuko dira, erabiltzen direnean bakarrik aktibatzeko eta urik ez xahutzeko. Gainera, joko eremuko zoladura prestatuta dago irristadak edo erorketak saihesteko.
Bost mahai otorduetarako
Lanek 391. 000 euroko aurrekontua izan dute, diseinua Durangoko Bidein enpresaren ardura izan da eta lanak egitearena, aldiz, Arrizabal enpresarena. Eta ur txorrotez gain, bost mahai ere jarri dituzte parkearen ondoan otorduak-eta egiteko.
Ur parkea zabaltzen dutenean, sarrera doakoa izango da, eta ez da zaintzailerik edo sorosle langilerik egongo. Udalak erabiltzaileengan jartzen du ur parkea egoki zaintzearen ardura.