Klub zuri-moreak ateak zabalik utzi ditu azoka aurrerago egin ahal izateko, "beti ere osasun egoerak horrela ahalbidetzen badu". Bitartean, ordea, eta "arrasatearren egarria asetzeko asmoz", ARTk artisau-garagardoak jarriko ditu salgai egubakoitzetik aurrera.
Zarauzko garagardogile batek artisau eran egindakoak dira, eta boteilek klubaren armarria dute. 12 botilaz osatutako loteak dira eta, esan moduan, Agirre-Etxe harategian eta Lazkano musika dendan eskuratu ahalko dira 30 euroren truke.
Hiru garagardo mota egongo dira aukeran: gorria, horia eta beltza. Nahi duenak, gainera, hirurak 3x4ko lotean nahastuta erosteko aukera ere izango du. "Ekimen honekin bat egiten dutenek, Arrasate Errugbi Taldea laguntzeaz gain, garagardo paregabeaz gozatzeko aukera izango dute baita ere", azaldu du klubeko presidente Ane Agirrek.
Agirre-Etxe harategiko salmenta modu zuzenean egin ahal izango da, han bertan. Lazkano musika dendan, berriz, lotura honetan egin beharko da eskaera eta, Bizum sistema bidez ordaindu 688 60 21 06 telefono zenbakira. Dendan bertan jaso ahal izango dira ostean.
Azoka, aurten, "oso zail"
Garagardo Azoka egiteko aukera "erabat baztertuta" ez baldin badaukate ere, "oso zail" ikusten dute egin ahal izatea. "Horregatik, klubaren garagardoa salgai jartzeko ekimena abiaraztera animatu gara", adierazi dute. Halaber, azaldu dute probatu dutenek "primerakoa" dela diotela. Hori dela eta, klub zuri-moretik jendea animatu nahi dute artisau-garagardo horiek dastatzera, "egarria asetzeaz gain, ART-ri ere bultzada emango baitiote" horrekin.