Txikiak egiten gaitu handi izeneko kanpaina prestatu du Udalak, herriko komertzioak laguntzeko ekintzak izango dituena. Horietako bat, herrian erabiltzeko 15.000 erosketa bonu jartzearena da, eta gaur azaldu dute nola funtzionatuko duten. Esatea, informazio esku-orriak helaraziko dituztela herritarren postontzietara hurrengo egunetan. Kanpainarekin lotuta spot bat ere egin dute.
Bonu bakoitzak 30 euroko balioa izango du; 10 euro herritarrek jarriko dituzte, eta gainontzeko 20ak, Udalak. Era horretan, herriko dendetan, zerbitzuetan eta tabernetan erabiltzeko 450.000 euro jarriko dira zirkulazioan. Ezin izango dira nahi beste bonu erosi, familia-unitateen arabera egin baitute banaketa; hau da Arrasaten erroldatutako etxebizitzen arabera banatu dituzte. Bat edo bi kideko unitate-familiarrek bonu bat erosi ahalko dute, eta hiru kidetik gorakoek, bi bonu. "Era horretan arrasatear guztientzat bonuak egotea bermatuko dugu. Arrasaten 10.000 familia-unitatea daudela kalkulatu dugu, beraz, lasaitasun mezua helarazi nahi nieke herritarrei, denentzako egongo baitira" azaldu du Maria Ubarretxenak gaurko prentsa agerraldian.
Bonuak eskuratzeko bi leku egongo dira: BAZ eta Udaletxeko sarrera. Bertan nortasun agiria erakutsi beharko familia-unitateko kide batek, eta txartel bidez 10 euro ordaindu ostean jasoko du 30 euroko bonua. Ez da bonu bakar bat izango, hiru bonu baizik: 5 euroko bat, 10 euroko bat eta 15 euroko bat. Era horretan posible izango da erosketa bat baino gehiago egitea, eta bonuak establezimendu baten baino gehiagotan erabiltzea. Frakzio bakoitza zatiezina izango da, eta erabiltzaileek nortasun agiria erakutsiko beharko dute bonuarekin ordaintzeko unean.
Bonuak Arrasateko establezimenduetan erabiltzeko dira soilik: dendetan, tabernetan, edo zerbitzuetan –autonomoak–. Hori bai, ezin izango dira erabili azalera handiko saltokietan, elikadura dendetan, loteria postu edo joko aretoetan, farmazietan eta estankoetan.
Astelehenean, ekainak 1, jarriko dituzte bonuak salgai, eta abuztuaren 31ra arte eskuratu ahalko dira. Bonuak gastatzeko epea, aldiz, luzeagoa izango da: ekainaren 1etik urriaren 31ra arte.
15.000 bonuak bi txandatan banatuko dituzte: lehen txandan 12.000; eta irailean iragarriko duten beste txanda baten, 3.000. "Orain 12.000 jartzen ditugu martxan. Irailean azalduko nola funtzionatuko duten beste 3.000 bonuek" adierazi du Maria Ubarretxenak. EAJko udal taldeak iragarri zuen Udaletik jasotzen zuten asignazioa erosketa bonuetara bideratuko zutela. "Iraileko 3.000 bonu horiei beste 500 batuko dizkiegu" azaldu du.
Familia-unitateak
Udalak emandako datuen arabera, 9.247 familia unitate daude Arrasaten erroldatuta; 5.722 kide batekoak edo bikoak dira, eta 3.525 hiru kidekoak edo gehiagokoak.
Bat edo bi kideko unitateek bonu bakarra jasoko dutenez, 5.722 bonu bideratuko zaizkie. Hirukoek edo gehiagokoek bi eskura ditzaketenez, 7.050 bideratuko dizkiete. Beraz, familia-unitate guzti-guztiek dagozkien bonuak erabiltzen badituzte, 12.772 bonu erabiliko dira.