Arrasatear batek inoiz sartutako golik gorenena

Xabi Gorostidi 2020ko mai. 26a, 18:23

Luis Mari Lopez Rekartek egin zuen, Bartzelonak Sampdoriari irabazitako Europako Errekopako finalean. Inaxio Kortabarriak ere gol garrantzitsua sartu zuen Gijonen, Realak lehen liga irabazteko, baina Lopez Rekarterena kontinente mailako titulua zen. Hiru jokalariren artean egin zuten gola, eta bi debagoiendarrak ziren; Cruyff aro-ko lehen titulua irabazteko balio izan zuen. 

1989ko maiatzaren 10a. Suitzako Berna hiriko Wankdorfstadion futbol zelaia. Bartzelona eta Sampdoria aurrez aurre, Europako Errekopa nork irabaziko.
[Orduan, nazio bakoitzeko Kopa irabazleek jokatzen zuten txapelketa, eta Bartzelonak Realaren aurkako finala garaituta lortu zuen txartela]

Kataluniarrak markagailuan aurretik; 1-0, Julio Salinasek laugarren minutuan buruz sartutako gola. Italiarrak estutzen ari dira, berdinketa lortu guran. 75. minutuan, Johan Cruyff entrenatzaileak aulkia mugitu du: emaitza mantentzeko, eta Cruyff aro-ko lehen titulua lortzeko. Txiki Begiristain kendu, eta haren ordez Luis Mari Lopez Rekarte defentsa arrasatearra atera du.

Handik bost minutu eskasera, falta ezker hegalean, Sampdoriaren alde. Roberto Mancinik areara erdiratu, baina baloia Zubizarreta atezainaren eskuetara. Honek azkar bidali dio Miquel Solerri –hau ere aulkirik irten berri–, erdiko marrara heldu da aurkari baten sarrera gainditu ostean. Burua altxatu du, eta ezkerretik Lopez Rekarte dator, korrikaldi bizian. Une egokira arte itxaron, sakonean pasea egin, eta Rekarte bakarrik geratu da Gianluca Plagliuca atezainaren aurrean. Pase argia dauka Gary Lineker aurrelariarentzat, baina zuloa ikusi du atean eta gola du begiz jota. Gorputza ondo jarri, baloia bigarren zutoinera gurutzatu, eta sarera. 2-0. Lasaitasunaren gola –bi debagoiendarren parte hartzearekin lortua–, eta titulua Bartzelonarentzat.

Bideoko esatariak birritan esaten du "Lopez Rekarteren gola, Miquel Solerren jokaldia"; ez zaio arrazoirik falta, Miquel Solerren jokaldia gol erdi baita.


Luis Mari Lopez Rekarte baloia gurutzatzen, Gianluca Pagliuca atezainaren aurrean. Une zehatz horretan baloia barrura doala ikusten du. (Argazkia: Diario Sport).

"Sufritzen ari ginen une hartan, nekatuta geunden. Golak lasaitasuna eta konfiantza eman zigun. Garrantzitsua izan zen", dio Lopez Rekartek. "Freskofresko irten nintzen, eta Solerrek baloia hartu bezain pronto korrikan hasi nintzen pentsatuz: 'Hemen dago nire aukera".

Jokalari bezala primeran definitzen du jokaldi hark: "Azkartasuna zen nire bertute nagusia; gaur egun, ez hainbeste; kar, kar, kar. Jokaldi horrek ondo islatzen du zer-nolako jokalaria nintzen".


Goian: Lopez Rekarte –goiko ilaran, ezkerretik hirugarrena– Alaves taldearekin 84/85 denboraldian. Ilara berean, Santi Idigoras ere. Behean: Lopez Rekarte, Realean, hiru dortsalarekin. Ostean beste arrasatear batek hartuko zuen: Mikel Gonzalez de Martinek, hain justu ere. (Argazkiak: Twitter eta ElRinconDelCromo)

Alavesen, Realean, Bartzelonan, Coruñako Deportivon eta Mallorcan egin zuen futbol ibilbidea, alboko marrari itsatsita beti. Bidean pilatutako palmaresa, kontuan hartzeko modukoa: hiru Errege Kopa hiru talderekin – Realarekin 1987an, Bartzelonarekin 1990ean eta Deportivorekin 1995ean–, aipatutako Europako Errekopa 1989an eta Espainiako Superkopa 1995ean.


Luis Mari Lopez Rekarte, Coruñako Deportivoren, Bartzelonaren eta Mallorcaren elastikoak jantzita (Argazkiak: ElRinconDelCromo)

Mendia, betiko pasioa

Lagun bat alboan zuela 7 urterekin igo zen Udalatxera lehen aldiz. Ordutik, mendizaletasuna zainetan sartu zitzaion, eta gaur egun arte mantendu du. "Atlas mendia da igo dudan altuena".

Lopeztarrak: lehen mailako hiru belaunaldi

Futbolari bikainez jositako hiru belaunaldi dituztela esan dezakete, harro, lopeztarrek, denak lehen mailan jokatzera heldu baitira.

Luis Lopez 'Bomba'

Aita, Luis Lopez Bomba, izan zen lehena. Hitz hauekin oroitu du berriki Jose Mari Velez de Mendizabal historialariak bere blogean eskainitako artikulu interesgarrian: "Bomba-k Iturripe zaharrean sartutako golek gure haurtzaroa alaitu zuten, gure irudimenari futbol zelai prestigiotsuetara bidaiatzeko aukera emanez".


Luis Lopez 'Bomba', 62/63 denboraldiko goleatzaile onenaren saria jasotzen. (Argazkia: Jose Mari Velez de Mendizabal)

Futbolari bikainez jositako hiru belaunaldi dituztela esan dezakete, harro, lopeztarrek, denak lehen mailan jokatzera heldu baitira.

"Futboleko legionero" bat zela zioen, eta ez zaio arrazoirik falta, zortzi taldetan aritu baitzen: Eskoriatza, Mondra, Beasain, Real Union, Touring, Eibar, Mondra berriz, Malaga, Alaves, eta Mondra hirugarrenez. Hiru talderekin jokatu zuen Bigarren Mailara igotzeko kanporaketa –Mondra, Real Union eta Eibar–, baina lortu ez, eta Lehen Mailan lau hilabetez jokatu zuen Malagaren elastikoarekin. Balantzea: bi liga partidu, Kopako hiru eta bi gol.

Aitor Lopez Rekarte

Luis Lopezen lau semeetatik bik lortu zuten lehen mailan jokatzea: Luis Marik eta Aitorrek. Azken honek hamar denboraldi eman zituen Realarekin, eta denetarik bizitzea tokatu zitzaion.


Aitor, kapitainaren besokoarekin, 06/07 denboraldian. (Argazkia: CorazonTxuriUrdin)

Gutxigatik ez zuten Liga irabazi 2002-2003 denboraldian, Txapeldunen Liga jokatu zuen eta Bigarren Mailara jaitsiera ere bizi izan zuen. Taldeko kapitain besokoa eraman izan zuen.

 

Maitane Lopez

Lopeztarren artean elitera heltzen azkena Maitane izan da, Jose Ignacio Kote-ren alaba –honek Eibarrekin jokatu zuen Bigarren Mailan–.


Maitane Lopez, Athletic-en aurka jokatutako norgehiagoka baten. (Argazkia: El Desmarque)

Levanten jokatzen du 2015etik, eta 17 eta 19 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin Europako txapeldun izandakoa da. Aurten kontratua amaitzen zaio, eta ligako oilarrak atzetik ditu.
 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak