EH Bilduk egindako proposamenetik abiatuta irten da ideia, udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztien baiezkoarekin, oinezkoentzako espazio berriak mugatzeko lanak burutzea. Hori horrela, Garibai Etorbidean, San Vicente Ferrer kalean eta Gipuzkoa Etorbideko errepideetako zenbait eremu oinezkoek eta motorgabeko ibilgailuek erabiltzeko behin-behineko neurria ezarri, eta begi onez ikusi dute zenbait herritarrek. Hala, zapatu goizean hainbat arrasatearrek aprobetxatu zuten bertatik patinetan, bizikletan, edo oinez ibiltzeko.
Hartutako neurriarekin desadostasuna
Hala ere, neurri hauekin ados ez daudenak ere badaude. Gelma auzoko bizilagun batek Goienari adierazi dion moduan, "Arrasate ez dago prestatuta halako aldaketarik egiteko, eta, Gipuzkoa Etorbideari mesede egin arren, Gelmako kaleetan sortu da arazoa, trafiko guztia handik pasatzen delako orain. Arrasateko Udalak oinezkoei eman nahi die lehentasuna autoen aurretik, eta hori oso ondo dago, baina, Gelma inguruko bizilagunei ez digu mesederik egiten. Gainera, Gelmako biriblilgunean eta Ertzain-Etxeko kurban, bestalde, autobusek buelta emateko arazoak dituzte; trafiko guztia Maala eta Martxoaren 8 kaleetatik desbideratzeak arazoak sor ditzeke. Izan ere, kale horietan hiru garaje irteera daude, telepizza ere bertan dago, eta baita parke bat ere".