Udalak azaldu duenez, Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren mailako ikasle gehienak Udalako Ingurumen Eskolan egonaldia egin gabe geratu dira aurten. Gainera, ezin izan dituzte egin lehen eta bigarren mailako ikasleekin programatuta zituzten herriko saioak ere. Horretaz gain, bertan behera geratu dira urteko gaiarekin lotuta egiten den ezohiko osoko bilkura eta eskolen arteko foroak. Iazko proposamenen jarraipen bilera ere ezin izan dute egin.
Hala ere, ikasturte honetan ikasleek egindako lana oso baliagarria izan dela azpimarratu du Udalak, eta ikasleek plastikoen erabilera nolakoa den ezagutzeko aukera izan dutela gaineratu, "herriko diagnostikoa osatuz". Horretarako hainbat ekintza egin dituzte, besteak beste, "herriko kale batzuen garbiketa, denda batzuetako plastikoen erabilera aztertu eta herritarren erosteko ohiturak behatu". Ikerketa lan horri esker, ikasleekin batera hainbat ondorio atera ahal izan dituela dio Udalak.
Ekarpenak jaso guran
Eskolen arteko foroak ezin izan dituztenez antolatu, ikasleen konpromisoak eta Udalari egindako proposamenak jaso gabe geratu dira. "Hori dela eta, ikasleekin egindako lana erakusten duen buletina eta bideoa prestatu ditugu. Udal web gunean, Udalako Ingurumen Eskolako atalean daude biak ikusgai. Bertan adierazten den bezala, gonbita egiten diegu ikasle, irakasle zein gurasoei aurtengo gaiari buruzko ekarpenak guri helarazteko.
Udalak eskerrak eman gura izan dizkie guztiei. "Espero dugu laster ekimen berriak egin ahal izatea, Arrasatek aurrera egin dezan jasangarritasunaren bidean!".