Kirola egitearen plazera berreskuratzen hasi dira debagoiendarrak

Xabi Gorostidi 2020ko mai. 2a, 08:52

Heldu da askok espero zuten eguna, eta 40 egun baino gehiago iraun duen itxialdiaren ondoren, lagun ugari kirola egitera irten dira oilarrak abestu bezain pronto. Asko izan dira egun hauetan etxe barruan kirola egiten aritu direnak, baina gaurko eguna kanpoan aritzeko egarria asetzeko baliatuko dute askok. Aspaldiko partez bizikletan, korrika eta paseoan aritu dira, arauak betetzen eta segurtasun distantziak mantentzen. 

Gaur, maiatzak bi dituen honetan, kirola egiteak arau-hauste izateari utzi dio –baldintza zehatz batzuk betez, betiere–, eta ondo baino hobeto aprobetxatu dute egoera berria debagoiendarrek. Arrasateko Monterron parkean, Oñatiko San Martin auzoan, edo Antzuola eta Bergara lotzen dituen bidegorrian jende andana aritu da, askatasun berri hau gozatzen: paseoan, bizikletan edo korrikan. 

Kirol egarri gehien zutenek ez dute itxaron eta erlojuak 06:00ak jo orduko kalera atera dira. Beste batzuk zertxobait beranduago, baina 10:00etako muga baino lehen jantzi dituzte kirol arropak. Oñatiko Zubillaga auzo inguruan, esaterako, 10:00ak jo baino pixka bat lehenago zikloturista asko ahalegin betean pasa dira, etxera garaiz heltzeko pedalkada bizian. Hamarretako sprint-a bezala bataitu daiteke hori, normalitate berriko terminologia berria. 

Antzuolan, adibidez, ez da halako sprintik ikusi. 5.000 biztanletik beherako herriek duten abantaila aprobetxatzen aritu dira asko, presarik gabe. "Subentzio eta horrelakoetarako aintzat hartzen dute 5.000 biztanleren muga. Beraz, bazen garaia, muga horretatik behera egoteak dituen abantailak baliatzeko" adierazi du antzuolar batek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak