ALBISTEAK

ELAk Iturbideri jarritako salaketa ezetsi du epaileak, zentroak egindako kudeaketa "egokitzat" jota

Xabi Gorostidi 2020ko api. 29a, 10:32

Bertako langileen eta egoiliarren "osasuna arriskuan jarri izanagatik" jarri zuen sindikatuak salaketa. Atzo hartutako erabakian, Eibarko lan-arloko 1 zenbakidun epaitegiak sindikatuaren salaketa ezetsi du, iritzita, Iturbideko kudeatzaileek "euren esku zeuden eta exijitzeko modukoak ziren neurriak hartu dituztela uneoro langileek beharrezko informazioa, formazioa eta babes materiala izateko". 

Epaileak argitu duenez, Aita Menni enpresako kudeatzaileek kasuan kasuko osasun gomendioak jarraitu dituzte, eta gehitu du, "material eskasia egon arren, beti izan dituztela eskularruak, amantalak... baita alarma egoera ezarri aurretik ere". 

"Mundu mailako pandemia honek eragindako kaosaren erdian", epailearen iritziz, salaketa jaso duten erakundeek "jokabide iraunkorra eta ahalik eta arretatsuena" izan dute, bi arlo hauetan: indarrean jarri den araudi berria betearazteko eta langileei euren lana behar bezala egiteko informazio, formazioa eta norbera babesteko ekipamenduak emateko. 

"Testuinguru honetan, salaketa jaso dutenek egindako kudeaketa egokitzat jotzen da, exijitzeko modukuak diren irizpideen arabera. Beraz, ondorioztatzen da, salatzaileek aipatutako langileen oinarrizko eskubideen urraketarik ez dela egon, eta ondorioz, salaketa ezesten da" diktatu du epaileak. 

Epaian aipatzen denez, otsailaren 28tik alarma egoera ezarri arte, Aldundiak eta Servicios Sociales Aita Menni enpresak 35 neurri hartu zituzten Covid-19 arauketarekin lotuta: prebentzio neurriei buruzko informazioa eta formazioa ematea, egoitza barruan kartel informatiboak jartzea, termometroak erabiltzea eta langileei tenperatura hartzea, hitzaldi telematikoak egitea egoiliarrekin eta langileekin...

"Kudeaketa egokia" egin dela ondorioztatzeko, hainbat froga zerrendatzen dira epaian. Horien artean, hauek:

  • Bi aldeak ados daudela esaterakoa, EAEko lehen koronabirus positiboa martxoaren 3an konfirmatu zela, eta otsailaren 28an Kabia erakundeak email bat bidali ziela egoitzei, osasun arloko agintarien gomendioekin. 
  • Martxoaren 5ean Kabia erakundeak email bidali ziela egoitzetako arduradunei, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Osakidetzak egoitzetan jarraitu beharreko gomendioen gida batekin, eta lanegun hori amaituta, langileei helarazten zazkie gomendioak, martxoaren 28an. 
  • Kabia erakundeak IMQ etxeari langileentzako prebentzio eta formaziorako informazioa eskatu ziola martxoaren 9an. Martxoaren 16 eskaera bera egiten  dio koronabirusarekin lotutako formazioarekin, eta ostean, langileek formazio telematikoa jaso zutela. 
  • Dokumentalki frogatuta dago, balizko kutsatze kasu baten arriskua ebaluatzeko, Kabiak emaila bidaltzen dio la IMQri martxoaren 18an eta 20an. Martxoaren 30ean kontingentzia plan orokorraa definitzen da Kabiako egoitzentzako. 
  • Martxoaren 27ko lan jardunaldiaren amaieran, Aita Mennik aktuazio plana eta koronabirusaren aurkako prebenztio neurriak helarazten dizkie langileei, eta hurrengo egunean koronabirusa eusteko arauen berri ematen die.
  • Alarma egoera ezarri aurretik, norbera babesteko ekipamenduei buruzko informazio eman zitzaiela langileei. Mugikorretarako Aita Menniren euskarri baten bidez eman zitzaien, bideo formatiboen bidez.  
  • Alarma egoera ezarri aurretik eta baita ostean ere, lanean hasi aurretik langileei tenperatura hartzeko neurria jarri zuen martxan Aita Mennik. 
  • Martxoaren 4an, kutsatze sintomak dituzten egoiliarrak bigarren solairuan isolatzeko erabakia hartu zela, eta martxoaren 11n, solairu horretako hiru gela bideratu zirela, balizko sintomak zituzten egoiliarrak konfinatzeko. 
  • Martxoaren 13an lehen sintomak atzeman zizkioten egoiliar bati, eta bigarren solairuan ezarritako gela batera lekualdatu zuten. 
  • Une horretan erizain laguntzaileei hiru maskara eman zizkietela: bat erizainarentzat, bestea erizain-laguntzailearentzat, eta hirugarrena ordezko gisa. 
  • Martxoaren 20an, hiru kutsatze kasu susmagarri zeudenean, lan-txanda bakoitzeko FFP2 maskarilla bat jarri zutela. Erizain laguntzaile bakar batek erabili ahalko zuela, eta harek bakarrik artatutako zituela balizko egoiliar kutsatuak. Gainontzeko langile guztiak maskarilla kirurgikoak eta eskularruak zituztela baieztatzen da.
  • Martxoaren 23an konfirmatu lehen koronabirus positiboa Iturbiden. Hurrengo egunean, dokumentalki frogatuta dago, hiruzpalau egunean behin funtzionatu duen desinfekzio sistema ezarri zela, barandak eta leku amankomunak desinfektatzeko. Horrez gain langileei Hotel baten edo beste egoitza baten aislatzeko aukera ematen zailea, baita asistentzia psikologiko telematikoa ere.  
  • Martxoaren 26ko astean lehen amantal kirurgikoak heldu ziren Iturbidera. Kutsatutako egoiliarren ateetan jarri zituzten, eraizainek eta erizain-laguntzaileek jartzeko. Martxoaren 28an lehen FFP2 maskarak heltzen dira eta lehen eta bigarren solairuko langileen artean banatzen dituzte. 
  • Urquijo medikuaren arabera, martxoaren 24an Covid-19aren ernetze bat gerJasotatu zen egoitzan. Horren aurrean, kutsatuak artatzeko langile kopuru ahalik murriztuena erabiltzea adosten dute, betiere, norbera babesteko ekipamenduak erabiliz –babes bereziko arropak aipatzen dira–.
  • Apirilaren 1ean, Urquijo medikuak,  norbera babesteko ekipamenduak agortzen ari direla, ezinbestekoak ziren arropa gehiago eskatu zituen, eta jaso ostean langileen artean banatu zituzten –ez du zehazten zein egunetan–.
  • Birusa hedatzen joan zen 2.3. eta 4. solairuak kutsatuentzat bideratu zituzten, eta lehen solairua, aldiz, Covid-19 negatiboentzat.
  • Ostean, kutsatutako egoiliarrak Gurutze Gorriaren ospitalera eta beste zentrotara eramateko erabakia hartu zuten –ez du zehazten noiz–. Koronabirusa eduki eta lanera itzultzea lortu zuten langileei, kutsatutakoak zeuden solairuetan lan egitea eskatu zieten.
  • Martxoaren 30ean testak egiten hasten dira egoitzako egoiliarrei. 
  • Aipatzen da, pisuzko datu gisa, kutsatuak izan diren egoiliarretako asko asintomatikoak zirela.
  • Apirilaren 15etik aurrera gune garbiak ezarri ziren, betiko aldagelez gain, langileek norbera babesteko ekipamenduak jartzeko.
  • Apirilaren 9an eta 10ean langileei testak egiten hasi ziren, eta baieztatzen dute, gaur-gaurkoz langile guztiei egin dietela testa. 
  • Azkenik aipatzen da, martxoaren 26tik aurrera Osakidetzak Iturbide egoitza esku hartzen duela, eta honen kontrola Debagoieneko Ospitalearen ardurapean geratzen dela. 

ELAren erreakzioa

Epaia jakin ostean, sindikatuak oharra helarazi du komunikabideetara. Bertan aipatzen duenez, ELAk Iturbide eta Argixao –Zumarraga– egoitzetan egindako eskaerak atzera bota arren, "epaietan agerian geratu da babes-neurriak berandu" iritsi zirela. "Bi epaietan egiaztatu da langileentzat egoera horretarako egokiak ziren babes-materialak eta Testak egitea berandu etorri direla. Honez gain ez zirela bete bere datan protokoloetan ezarritako beste neurri batzuk ere, hala nola kontingentzia-planak egitea".

Sindikatuaren iritziz, "egoitzek euren negozio-eredua arriskuan dagoela ikusi dutenean eman dituzte benetako urratsak osasuna bermatzeko".  Arrasateko kasuarekin lotuta adierazi dute, "Iturbiden, hain zuzen ere, FFP2 maskarak iristen hasi ziren lehen hildakoaren arrastotik, eta lehen positiboa konfirmatu eta bost egunera. Horri gehitu behar zaio langile eta erabiltzaileentzako test masiboak apirilaren 9tik aurrera iritsi direla bi egoitzetan. Sententzietan aitortzen den bezala, erabiltzaile eta langile asko sintomarik gabeko positiboak izan direnez, Aldundiaren eta enpresen jarduera honekin 29 hildako suertatu dira, 100 egoiliar baino gehiago positibo eta 40 langile positibo inguru".

Hausnarketa hau egin dute oharraren azken paragrafoan: "ELAtik argi daukagu pandemia hasi zenetik enpresetan eta erakundeetan egindako presioak, bai eta eskari horien bidez mantendu den presio judizialak ere, eta aurreikusitako epaiketen aurrean salaketa horiek ekar ditzaketen ondorioengatik, test orokortuak egitea eta norbera babesteko ekipamenduekin langileak hornitzea bizkortu duela. Hori esanda, langile-faltak egiturazkoa izaten jarraitzen du; egoitza askotan, inplementatutako neurriak ez dira nahikoak, argi eta garbi, eta oso kezkatuta gaude, prozesu judizialak amaitu ondoren, enpresak erne ez egotea langileen osasuna bermatzeko. Horregatik, ELAk bere lan sindikal eta juridikoarekin jarraituko du, langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko".

Salaketa jaso dutenen balorazioa

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jartzen ahalegindu da GOIENA, baina kasu honekin lotuta aurretik egin bezala, ez du baloraziorik egin nahi izan. Aita Menni enpresarekin ere jarri da GOIENA kontaktuan, baina ez du epaiaren baloraziorik egin. Hala ere, esker mezua helarazi nahi izan die Iturbide egoitzako langileei: "Aita Menniren izenean, gure esker-ona berresten diegu langileei, egiten ari diren esfortzuagatik". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak