Gipuzkoan dauden 65 zahar etxetatik 16k dituzte koronabirus kasuak. Horietako bat da Arrasateko Iturbide, eta bertako zuzendari Olatz Etxabe "gogor" ari da lanean egunotan gaitzari aurre egiteko helburuarekin.
Iturbide adinekoen egoitzan une gogorrak bizitzen ari zarete...
Hala da, bai. Birusak gogor jo du gurean. Baina pasatu duguna ikusita, orain hobeto gaude. Beste egoitza batzuetan egoera ez da hain gordina... Gurean hasieran bi kasu susmagarri izan genituen, eta pertsona horiek isolatu egin genituen. Baina, bat-batean, lehen positiboa baieztatu genuen eta hortik lauzpabost egunera egoiliar asko hasi ziren sintomekin. Gauzak horrela, mediku berri bat etorri zen eta erabaki genuen egoiliar guztiei proba egitea, egoitzako egoera zein zen zehazki jakiteko. Probek ondorioztatu zuten egoiliarren %80 kutsatuta zeudela, nahiz eta gehienek sintomarik ez zuten.
Nolakoak izan ziren hasierako egun haiek?
Hasierako egun batzuk zoratzekoak izan ziren. Oraindik hainbeste kutsatu zeudela ez genekienean pentsatu genuen egoitzako laugarren solairua egokitzea koronabirus kasuak artatzeko, eta larriago zeuden egoiliarrak ospitalera eramatea. Beraz, solairu hori egokitzea izan zen lehen urratsa. Hala eta guztiz ere, hurrengo egunean, test gehiago egin genituenean, ikusi genuen ez zela nahikoa, hori baino gehiago beharko genuela.
Eta orduan zer?
Planteamenduari buelta eman genion. Pentsatu genuen egoitzan tratatu behar zela gaia; eta, beraz, kutsatuak hemen geratuko zirela beste nonbaitera eraman gabe. Hala, egoitzako lehen solairua egokitu genuen negatiboentzako eta beste hirurak kutsatutako egoiliarrentzako.
Jaso duzue egoitzaz kanpoko laguntzarik?
Zerbitzua indartu egin dugu. Osakidetzak sekulako esfortzua egin duela esan beharra daukat: hau guztia hasi zenetik hiru mediku etortzen dira egunero, eta erizaintza ere indartu dugu; bi erizain izaten ditugu goizean eta arratsaldean, eta bat gauean; orain arte ez genuen gauerako erizainik izaten.
Igarri duzue laguntza hori?
Izugarri. Laguntza horretaz baliatuta hasi ginen gaixoak artatzen, eta esan behar da egin genuen lanak emaitzak eman dituela; egoiliar gehienak hasi dira osatzen, eta hasiera batean kanpora joan zirenak bueltatzen. Baina egoiliar asko hil egin dira.
Eguaztenean 30 kasu positibo zeuden Iturbiden. Hildakoak 21 ziren, eta osatutakoak, beste 30.
Hildakoak pertsona oso edadetuak izan dira, eta patologia ugari zituztenak. Baina egia da koronabirusagatik izan ez balitz ziur aski ez zirela orain hilko.
Zer izan da gogorrena?
Esango nuke gogorrena ez dela heriotza izan, baizik eta gauzak nola gertatu diren. Egoiliar batzuk hemendik atera genituen eta ez dira itzuli, eta familiek ez dute haiek ikusteko aukerarik izan. Hil direnek ez dute familia agurtu. Ez zaie elizkizunik egin; hori oso gogorra da.
Iturbiden garrantzi handia ematen diezue hil aurreko azken uneei...
Bai, azken egunei garrantzi handia ematen diegu: badaukagu espresuki horretara zuzendutako gela bat, egoiliarra familiarekin egon dadin azken egunetan. Asko lantzen dugun zerbait da. Baina, kasu honetan, ezin dugu horrelakorik egin, eta agurra oso gogorra da azkenetan dagoenarentzat.
Ohiko bisitarik ere ez duzue hartzen...
Ezin dugu. Eta hemen bizi diren gehienak ohituta zeuden familiarekin egunero egoten; beraz, oso gogorra egiten zaie aldaketa, bisitarik jaso gabe egotea. Bost aste daramatzate egoitzatik irten gabe, denbora dezente da. Eta esango nuke denok ari garela aldaketa hau pairatzen, baina umeak eta adinekoak dira okerren daramatenak.
Lehenengo positiboa baieztatu zenutenetik hartzen joan zareten neurriak egokiak izan dira?
Hasieran protokoloek esaten zutena egin genuen, baina arazoa izan zen ez genuela material nahikorik. Orduan gertatu zen asintomatikoak zirenak gainontzekoak kutsatuz joan zirela, konturatu gabe. Martxoaren 26an lehen kasua baieztatu genuenetik apirilaren 3ra 40 positibo inguru izan genituen. Bat-batean, sekulako igoera izan zen.
Zein da egungo egoera?
Egoiliar asko osatu egin dira, eta beste batzuek alta jaso dute. Hala ere, azken horiek oraindik egun batzuk pasa beharko dituzte isolatuta, beste batzuk kutsatzeko arriskua dutelako. Gaitza normaltasunez pasa dutenak ere badaude. Azken egunei dagokienez, koronabirusa pasa dutenak orain hasi dira egoitzan nolabait bizitza normala egiten; izan ere, orain arte ezin izan dira geletatik irten; isolatuta egon dira. Bestetik, esan beharra daukat oso mediku talde ona izan dugula. Beraiek emandako irizpideak jarraitu ditugu eta horri esker oso ondo daude asko.
Estatu mailako beste egoitza batzuetan ere gogor jo du koronabirusak...
Hala da. Gure kasuan, badaukagu prebentzio plana uholdeak edota suteak egon daitezkeenerako, baina gisa honetako pandemia batek kontingentzia planik gabe harrapatu gaitu. Pauso bat atzetik ibili izanaren sentsazioa eduki dugu. Pandemia bat-batean etorri zaigu, eta protokoloak ere etengabe joan dira aldatzen.
Egoera honek zer irakatsi dizue?
Asko ikasi dugu, eta etorkizunean antzeko zerbait gertatuko balitz hobeto egingo genuke. Baina errealitatea da koronabirusaren pandemiak ondorio batzuk izan dituela: pertsona asko bidean geratu dira, eta hori da tristeena. Batzuentzat berandu izan da, alegia, eta pena handia da.
ELA sindikatuak salaketa jarri du Iturbide kudeatzen dutenen aurka...
Beraien eskubidea da. Egia da hasieran material gabe lan egin genuela: ez gure erabaki propioz, baizik eta ez zegoelako materialik. Alde guztietatik saiatu ginen materiala eskatzen; hornitzaileei eta baita Aldundian eta Osakidetzan ere; baina alferrik. Arrazoi horregatik egin genuen lan hain material gutxirekin.
Noiz jaso zenuten beharrezko materiala?
Lehen positiboa atzeman zenetik hasi zen materiala iristen eta orduan bai hasi ginen materiala jasotzen eta prebentzio neurri guztiekin lan egiten. Kontingentzia plana ez zegoela ere egia da; esan moduan, orain egin dugu. Garesti ordaindu dugu.
Iturbideko langile asko ez datoz bat salaketa horrekin...
Lehen ere eduki genuen beste gatazka bat eta istorioa berriz errepikatzen da. Pena da momentu honetan egoera aprobetxatzea norberaren interesen alde egiteko. Gauzak, agian, ez dira guztiz ondo egin, hobeto egin zitezkeen, baina guk ahalik eta ondoen egin ditugu. Eta aitortu behar dugu emaitza ez dela ona izan. Langile eta egoiliar asintomatiko asko izan ditugu, eta horrek ez du lagundu; izan ere, sintomak zituztenak tratatu ditugu guk. Materiala eduki izan bagenu, kutsadura hori ez zan gertatuko.
Inoiz baino lan gehiago duzuen honetan, langile asko baja hartuta daude...
Bai, baina egoiliarren kopurua asko murriztu dela ikusita –hildakoak eta kanpoan egon direnak aintzat hartuta–, nahiz eta langileen kopurua murriztu egin den, ondo eraman dugu. Garrantzia hartu dutenak osasun langileak dira, eta horiek hor egon dira; oso ondo hornituta, gainera. Ospidonek –etxeko ospitalizazioa– ere lagundu digu.
Lanean ari direnak nola daude?
Egoitza berrantolatu genuenean, egun kaotikoak izan genituen. Hala ere, lanean ari diren langileek sekulako meritua dute, izugarrizko lana egin dute eta. Beldur handia zuten, eta, hala eta guztiz ere, prestutasun handia izan dute. Lan bikaina egin dute; bai garbitzaileek, baita zaintzaileek eta erizainek ere.
Egoiliarrez gain, familiak ere kudeatu behar izan dituzue?
Arlo honetan ere ez ditugu eduki behar genituen baliabideak. Egin ditugu bideokonferentziak, eta telefono deiak ere etengabekoak izan dira. Normala da familiakoek jakin gura izatea nola dagoen euren senidea. Eta egia da familien erantzuna oso ona izan dela, animoak eman dizkigute une zailetan.
Gizartearen presioa igarri duzue?
Komunikabideetan eman diren datuak une oro txarrak izan dira, oso zaila da hori kudeatzea. Jendeak komunikabideetan entzuten duenari jarraiki galdetzeko deitzen du, eta guretzat oso gogorra izan da; ia-ia hemen bizi izan gara dena ahalik eta ondoen kudeatu ahal izateko.
Nolakoa izan da familiekin izandako tratua?
Oso gogorra da telefonoa hartu eta senideei deitzea esateko euren senideak positibo eman duela, gaizki dagoela edota hil egin dela. Batzuei abisatu diegu eta aukera izan dute agur esateko, nahiz eta momentu bat bakarrik izan den. Beste batzuek ez dute aukera hori izan; izan ere, gaitzak duena da nahiko ondo egotetik hiltzera momentu batean pasa zaitezkeela; egoera azkar aldatzen da. Gainera, egoiliar asko urte askoan egon dira gurekin eta guretzako aitona-amonak moduan izan dira.
Bizitako esperientzia inflexio puntu bat izango dela uste duzu?
Bai. Esan moduan, kontingentzia plana egiteaz bestalde, beste hausnarketa batzuk ere egin beharko lirateke. Gaur egun, egoitzak dira zentro sozio-sanitarioak. Lehen, jendea etortzen zen bizitzako azken urteak hemen pasatzera, ondo bizitzera, baina gaur egun, etortzen direnak sarri dira etxean egon ezin direnak: arazo fisikoak edo osasun arazo larriak dituztenak. Gauzak asko aldatu dira, beraz.
Eta zer ekarriko du aldaketa horrek?
Nik uste dut ekarriko duela hausnarketa sakona: erabaki beharko da egoitzak zer izan behar diren, eta zein baliabide izan behar dituzten. Agian, beste zerbitzu espezializatuago batzuk eskaini beharko lituzkete. Argi dagoena da aldaketara egokitu beharko dugula.