LKSren ardura "estaltzea" leporatu dio oposizioak Gobernuari

Xabi Gorostidi 2020ko api. 23a, 17:11

Juan Arzamendi Musika Etxeko obraren zuzendaritza LKSk egin du eta lanen kontrol-ziurtagiriak gaizki egin dituztela salatu dute. Obren likidazio txostenaren arabera, diote Lurgoienek 60.680 euro jaso dituela egin gabe dauden lanengatik, eta Gobernuak ez duela "LKSren aurka egiterik nahi". Gobernutik esan dute akusazio horiek "faltsuak" direla: "frogarik baduzue jar ezazue epaitegietan salaketa gaur bertan". 

Apirileko ezohiko osoko bilkura berezia izan da. Larrialdi egoeragatik zinegotzi kopuru murriztu batekin egin dute –21en ordez, zazpi–, kazetaririk gabe –nahiz eta bat egon den– eta streaming bidez emititu dute. Eguneko puntu nagusia Juan Arzamendi Musika Etxearekin lotutakoa zen. Puntu hauek ziren onartzekoak: Udalak eta Lurgoien enpresak eraikina birgaitzeko zuten kontratua suntsitzeko prozesua hastea, obren behin-behineko likidazioa aurkeztea eta kontratu suntsitzearen jarraipen lanen eskumena osoko bilkuratik Tokiko Gobernu Batzarrera eskuordetzea. 

"Irregulartasunak" ordainketetan

EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek irmoki salatu dituzte obraren ordainketatan eta obraren kontrol lanetan ikusi dituzten "irregulartasunak". Udaleko Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordeak (OZMA) sinatutako obraren likidazio txostena hartu dute oinarri, eta azaldu dutenez, Udalak 60.680 euro ordaindu dizkio Lurgoien enpresari, "egin gabe dauden lanengatik". Adibide gisa EH Bilduko Kepa Urteagak adierazi du eraikineko leihoengatik "70.000 euro" ordaindu dituela Udalak, "eraikin kanpotik paseatzean argi eta garbi ikusten denean ez dagoela leihorik jarrita". Oposizioko bi alderdiek adierazi zutenez, era horretan "Udalak Lurgoien enpresa finantzatu du, lanak egin aurretik diru publikoa emanez".

Lehenik eta behin azaldu behar da, era honetako obrak ez direla ordainketa bakarrean egiten.  Obrako lanak desglosatu egiten dira, eta behin hauek egin direla ziurtatzean Udala desglosatutako lanak ordaintzen joaten da. Kontrol lan horiek egiteko ardura obra zuzendaritzarena da; kasu honetan, LKSrena. Ziurtagiriak sinatzen dituzte lanak bukatu direla frogatzeko, eta, ostean, dagozkion ordainketak egiteko.

Oposizioak salatu duenez "2019ko urtarriletik urrira arte egindako ziurtagirietan –hilabeteko horretakoa da azken ziurtagiria– irregulartasunak daude, sinatu dena eta benetan amaitu dena ez datozelako bat".  Ziurtagiri horiek "behin eta berriz eskatu dituztela diote, baina Gobernuak ez dizkiela horiek helarazten. Elkarrekin Arrasateko Igor Urizarrek adierazi du, obren likidazio txostenean, OZMA saileko teknikari batek onartzen duela, besteak beste, "zuhurtzia falta eta gehiegizko konfiantza egon dela" lanak kontrolatzeko orduan. 

LKSrekiko jarrera

Oposiziotik azaldu dutenez, Gobernutik "behin eta berriz" eskatu diete "diskrezioa" gai honetan, baina diote Udalak ez duela berdin jokatzen bi inplikatuekin: Lurgoienekin eta LKSrekin. "Lurgoienen aurka neurri legalak hartu dituzue, ez duelako bere lana egin. Baina zergatik ez duzue gauza bera egiten LKSrekin?" galdetu dute behin baino gehiagotan, eta une batean Anuska Ezkurrak esan zuen: "neurriak hartu behar badira hartuko egingo ditugu". Osoko bilkuren amaieran GOIENAk egindako galderei erantzunez ildo beretik erantzun zuen Maria Ubarretxenak: "Gaurko osoko ez da inongo erabaki hartu obraren zuzendaritzan LKSk egin duenari buruz. Horren inguruko erabakiak hartu behar badira, etorriko dira eta hartuko dira".

EH Bilduko Kepa Urteagak zera adierazi du Gobernuak LKSrekiko duen tratuaren inguruan. "Behin behinean OZMA batzordeko buru den Ibon Arrupek testualki eskatu digu oposizioko alderdiei LKS ez kaltetzeko: herriko enpresa bat delako, eta Musika Etxea eurentzat proiektu berezia delako. Baina ezin dezakegu beste aldera begiratu, hemen kaltetuak arrasatearrak direlako". Igor Urizarren arabera, Arrupek adierazi die, "obra berriz esleitzean honen zuzendaritza LKSren esku egon dadin" ahaleginduko direla. 

EH Bildutik adierazi dute "fondo publikoen bidegabeko erabilera kasu baten aurrean" egon daitezkela, eta euren aholkulari judizialekin aztertzen ari direla kasua epaitegietara eramatea. Elkarrekin Arrasateko Igor Urizarrek adierazi du "axologabekeria, inkonpetentzia, okultismoa eta klientelismoa" ikusi dituztela, eta euren alderdiaren zerbitzu judizialekin gaia aztertzen ari direla. 

Gobernuaren erantzuna

PSE-EEk ez du adierazpenik egin. Duela gutxira arte OZMA batzordeko burua Oscar Garcia sozialista izan da, eta EH Bildutik bi aldiz ahalegindu arren ez dute hitzik esan. Bai, ordea, EAJko bozeramaile Anuska Ezkurrak. Adierazi du musika etxearen proiektua "eurei esker "egingo dela, eurek lortu dutelako proiektua aurrera ateratzea. Lurgoienek, tamalez, ezin izan dituela lanak amaitu adierazi du, eta lanean ari direla musika etxea lehenbailehen amaitzeko. Oposizioak salatutako "irregulartasunei" buruz zera adierazi du: "Aski da akusazio faltsuez. Gezur bat mila aldiz errepikatzearren ez duzue egia bihurtuko. Frogarik baduzue joan zaitezte epaitegietara gaur bertan".

Kontratua eteteko estrategia

Jakina denez, musika etxeko birgaitze lanak geldi daude urtarriletik, Lurgoien enpresak ez omen duelako dirurik bere hornitzaileei ordaintzeko. Hala, Gobernuak neurri legalak iragarri zituen otsailean Lurgoienen aurka.  Hasieran iragarritakoaren arabera Udalak ekainera arte itxaron behar zuen, Lurgoienekin zuen kontratua eteteko, inongo kalte ordainik ordaindu beharrik gabe. Sinatutako kontratuan arabera, lanak amaituta egon behar ziren otsailaren 24rako, beraz, atzerapen egun natural bakoitzeko enpresak  2.417 euro ordaindu beharko zizkion Udalari. Kalte-ordain metatu hori esleipen prezioaren %5era heltzerakoan –ekainaren 17 inguruan–, Udalak kontratua bertan behera utzi ahalko zuen; bermea kobratuz, eta kalte ordainik ordaindu gabe.

Baina estrategia aldatzea erabaki du Gobernuak. Ekainera arte itxaronez gero, arriskua ikusi dute Lurgoienek obra hasteko jarritako 241.716 euroko bermea kobratzeko. Ekaina heldu bitartean enpresa hartzekodunen lehiaketan sartuz gero,  Udalak ez luke aukerarik izango berme hori kobratzeko, beraz,  ezohiko bilkuran onartu egin zuten kontratua apirilean etetea. EAJren eta PSE-EEren aldeko hiru botoekin onartu zuten, eta EH Bildu estrategia aldatzearen alde agertu zen, nahiz eta puntuaren aurka botatu.

Behin puntua onartuta, hemendik aurrera kontratua eteteko prozesuari buruzko erabakiak ez ditu osoko bilkurak hartuko, tokiko gobernu batzarrak baizik. Gobernutik adierazi zuten erabaki batzuk "4 edo 5 egunean kabuan" hartu beharko direla eta aldaketa horrekin erabakiak "azkarrago" hartu ahalko dituztela.  Foro horretan oposizioak ez du ordezkaritzarik, eta EH Bilduk Gobernuari eskatu dio batzorde berezi bat sor dezala, oposizioak informazioa lehen momentutik jasotzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak