"Obrek atzerapena izango dute, baina Juan Arzamendiko lanak amaitu egingo ditugu"

Xabi Gorostidi 2020ko ots. 19a, 15:05

Elkarrekin Arrasate taldeak osoko bilkuran gaia aipatu ostean, mezu hori helarazi du Maria Ubarretxena alkateak gaur egindako agerraldian. Enpresa eraikitzailearekin sinatuta duten kontratua betez, obra 100 egun natural atzeratzen bada, kontratua eten egingo dute, jarraian, esleipen berri bat egiteko. EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek kezkak azaldu dituzte gaiarekiko, Gobernuaren formekiko, eta iragarritako urratsekiko. 

Osteguneko osoko bilkuran Elkarrekin Arrasatek gaia mahaia gainean jarri ostean, Udal Gobernuak prentsa agerraldia egin du gaur, Musika Etxe berriaren lanak geldi daudela eta. Maria Ubarretxena alkateak eman ditu azalpenak, eta alboan izan ditu baita ere etorkizunean eraikina erabiliko duten Goikobalu eta Arrasate Musikaleko ordezkariak. 

Lehenik eta behin onartu egin dute obrak geldi daudela eta mezu hau helarazi du Maria Ubarretxenak: "Obrek atzerapena izango dute, tamalez, baina nahiz eta atzerapena eduki, obra amaitu egingo da, eta gure konpromisoa adierazten digu hori bukatzeko". 

Maria Ubarretxena: "Obrek atzerapena izango dute, tamalez, baina nahiz eta atzerapena eduki, obra amaitu egingo da, eta gure konpromisoa adierazten digu hori bukatzeko". 

Obrak zein arrazoigatik dauden geldi galdetuta, Udal Gobernuak adierazi du ez dutela horri buruzko "informazio ofizialik". Gobernuak urte hasieran sumatu zuen obrak geldi zeudela, eta errekerimendu bat helarazi zioten Lurgoien enpresari. Honen partez jaso duten erantzun ofizial bakarra da, "obra amaitzeari ez diotela ezetzik esan", eta "ekainera arte atzeratzeko" aurreikuspena dutela. 

Hemendik aurrerako pausoak

Kontratuan jasotakoaren arabera, otsailaren 24an amaituta eduki beharko luke obra Lurgoien-ek, eta hortik aurrerako atzerapen egun natural bakoitzagatik, 2.417 euro ordaindu beharko dizkio enpresak Udalari, kalte-ordain gisa. 

Juan Arzamendi Musika Etxearen eraberritze lanetan jardun duten bi langile.

Kalte-ordain metatu hori esleipen prezioaren %5-era heltzerakoan –enpresak obra hasteko jarritako 241.716 eurokoa bermea, hain zuzen–, Udalak eskumena izango du kontratua bertan behera uzteko, kalte ordainik ordaindu gabe. Horrez gain, 241.716 euroko bermea kobratuko luke Udalak.

Lanak 5.550.012 eurotan esleitu zirenez, 114 egun atzeratu ostean helduko lirateke atzerapen kalte-ordainak aipatutako %5eko mugara. Hala, ekainaren 17an eten ahalko luke kontratua Udalak, eta behin hori eginda, alkateak iragarri du esleipen berri bat egingo dutela falta diren obra zatiak beste enpresa bati esleitzeko. 

Une honetan lanen %44,64 dago eginda, eta 2.590.112 euroko –BEZ barne– balioa du orain arte egindako lanak. Kostu totalari zifra hori kenduta aterako luke Udal Gobernuak esleipen berria. 

Oposizioaren iritzia

Esan bezala, gaia Elkarrekin Arrasatek jarri zuen mahai gainean, aurreko asteko osoko bilkuran. Gobernuari interpelatu zion obrak zergatik dauden geldi galdezka, eta dagokion batzordean azalpenak emango zizkietela erantzun zuen EAJko Anuska Ezkurrak. 

Gaia plazaratu zuen Elkarrekin Arrasateko Igor Urizarrek zalantza azaldu du eurek gaia atera gabe ea Gobernuak azalpenak emango zituen

EH Bilduko Maider Morrasek Gobernuaren formak kritikatu ditu, batzordean oposizioari azalpenak eman aurretik, prentsan azaldu direlako. "Urtarrilaren 27an egindako Hirigintza Batzordean gaiari buruz galdetu zuen EH Bilduk. Lanak geldi daudela eta gaia aztertzen ari zirela adierazi ziguten, eta datu babesaren berme bezala diskrezioa eskatu ziguten. Guk diskrezio hori errespetatu egin dugu, eta tamalgarria iruditzen zaigu, hala jokatu ostean, gu prentsa bidez informatu behar izatea. Osoko bilkuran esan zuten gaiari buruzko galderak batzordean erantzungo zituztela, baina, beste behin, prentsan azaldu dira batzordean azalpenak eman aurretik". Hala ere, Gobernuari gaiarekin laguntzeko EH Bilduren prestutasuna azaldu du. 

Maider Morras: "Oso arduratuta gaude bi gauzagatik: galduko den diruagatik, eta baita galduko den denboragatik ere; Arrasate Musikaleko ikasleei eta irakasleei zuzenean eragiten dien gaia da"

Gobernuak emango dituen urratsen inguruan honako kezkak azaldu ditu Maider Morrasek: "Ez dakigu enpresak isuna ordaintzeko gaitasuna izango duen, ez dakigu enpresak zer esaten duen, ez dakigu zer nolako harremana izan duen Udalak enpresarekin... Oso arduratuta gaude bi gauzagatik: galduko den diruagatik, eta baita galduko den denboragatik ere; Arrasate Musikaleko ikasleei eta irakasleei zuzenean eragiten dien gaia da".

Gaia plazaratu zuen Elkarrekin Arrasateko Igor Urizarrek zalantza azaldu du eurek gaia atera gabe ea Gobernuak azalpenak emango zituen, baina azalpenak eman izana pausu bat dela esan du. Hala ere, azaldu du ez direla behar beste azalpen eman: "Gauza batzuk azaldu gabe geratu dira gure ustez, eta ez dira behar beste azalpen eman: Zenbat kostatuko da esleipen berri bat egitea? Zenbat denbora atzeratuko da? Guzti hori argitu beharra dago, eta Arrasateko herritarrei modu zintzo batean azaldu". 

Esleipen prozesua

Musika Eskolaren lanak 7.500.000 eurotan lizitatu ziren, eta %26 merkeago esleitu zitzaizkion Lurgoien-i. Horri buruz zera azpimarratu nahi izan du Udal Gobernuak, ohar bidez: "Lehiaketa publikora 10 enpresa aurkeztu ziren. Prezioari dagokionean, 4 enpresa egon ziren Lurgoien SAU-k baino prezio merkeagoa aurkeztu zutenak (Moyua, S.L. Altuna y Uria SA., Iza SA, Artapena SL); teknikoki, ordea, Lurgoien SAU-k atera zuen puntuazio altuena eta, lehiaketan puntuazio orokorra kontutan izanda, irabazle suertatu zen".

Igor Urizarrek "temerario" hitza erabili zuen osoko bilkuran esleipena definitzeko, baina gaur emandako datuen arabera prozesu honetako baja temeraria %37an zegoen finkatuta. Hori definitzeko enpresek lizitazio prozesuarekiko edukitako bataz-besteko desbiderapena kalkulatzen da –kasu honetan %22–, eta ostean %15 gehitzen zaio (%22 + %15= %37).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak