San Felipe Elkarlaguntza elkartea irabazi asmorik gabeko mutua autogestionatu bat da; 12.000 bazkide ditu eta Ojanguren Hileta Zerbitzuak ehorztetxearekin egiten du lan. Arrasaten badago beste ehorztetxe bat, Arrasate Hileta Berria izenekoa, eta biak dira Arrasateko Tanatorioaren jabeak: %50 Arrasate Hileta Berria, %50 Ojanguren Hileta Zerbitzuak.
Berriki Whatsapp eta Twitter sare sozialetan mezu anonimo bat zabaldu da, San Felipe Elkarlaguntza eta Ojanguren Hileta Zerbitzuak erakundeek koronabirusagatik hildako kasu batzuetan ustez egindako kudeaketa salatzen. Kasu horietan ezinezkoa izan da gorpuak zuzenean hilerrira eramatea –errausteko edo hobiratzeko– hilerria itxita egon delako. Kasu horietan ere, gorpuak kamara frigorifikoetan gorde dituzte, hilerria berriro zabaldu eta bertara eraman arte. Hauek dira egin dizkieten akusazioak.
- Gorpuak zuzenean hilerrira eraman ezin diren kasuetan bezeroei 181,50 euro kobratzea –kamara frigorifikoetan gordetzeagatik– eta bezeroek gorpuak non eduki dituzten galdetu dutenean informaziorik ez ematea.
- Azkenik, gorpuak ezin izan direnez ez hilerrira ez tanatoriora eraman, ustez, Elkano kaleko 21 eta 23 atartean duten biltegi batean eduki dituztela kamara frigorifikoak, "bertako bizilagunen osasuna arriskuan jarriz".
- Ohar horrek ere dio Arrasateko Tanatorioko jabeek diotela ezin dela bertara koronabirusagatik hildako gorpurik eraman, "zahartuta" dagoen tanatorioa delako.
Akusazio anonimo horien aurrean hainbat gauza argitu nahi izan dituzte San Felipe Elkarlaguntza eta Ojanguren Hileta Zerbitzuak erakundeek, ohar bidez.
[Oharra osorik irakurtzeko, egin klik hemen]
Lehenik eta behin adierazi dute, "uneoro zehatz mehatz" bete dituztela Covid-19agatik hildakoak artatzeko Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako araudiak, hiru pauso hauek jarraituz:
- Hildakoaren senideekin lehenbailehen batzar bat egitea, errausteko edo hobiratzeko baimenak jasotzeko.
- Hildakoa dagoen lekura bertaratzea legeak ezartzen dituen norbera babesteko ekipamenduekin eta gorpua garraiatzeko poltsa sanitario iragazgaitzarekin. Ostean, poltsa hori desinfektatu eta hilobian sartu, balizko kutsatze kasurik egon ez dadin. Aipatzen dutenez, Osasun Ministerioaren dokumentu teknikoarekin laugarren azpi-sarrerak dio, behin poltsa hori desinfektatu ostean, hura manipulatzeak ez duela osasun arriskurik eragiten. Hilkutxa normal batean sartu daitezke, hori egiteko neurri berezirik hartu beharrik gabe.
- Behin senideen baimena eta Udalaren lizentzia jasota, gorpuak lehenbailehen hilerrira eramatea, ehorzteko edo errausteko. Aipatzen dute ere, alarma egoera ezarri aurretik, hilerriak goizez bakarrik eskaintzen zuela zerbitzu hori, baina osasun larrialdi egoerak bultzatuta goizez eta arratsaldez eskaintzera pasa direla.
Diotenez, heriotza gertatu den egun berean gorpuak hilerrira eramatea ezinezkoa izan den kasuetan, soilik, erabili dituzte kamara frigorifikoak. Hori gertatu denean, Arrasateko Tanatorioan eduki dituzte kamara frigorifikoak, ez Elkano kaleko biltegian, eta kasu horietan kamara frigorifikoak erabiltzearen zerbitzua kobratu diete bezeroei.
Azkenik, egoera delikatu honetan bezeroak sentsibilitatez artatu dituztela adierazi dute, "uneoro" gorpuak non eduki dituzten informatuz.
Arrasate Hileta Berria
Arrasate Hileta Berria enpresatik –Arrasateko Tanatorioaren beste jabea– GOIENAri adierazi diotenez, eurek ez dute herriko tanatorioa erabili koronabirusagatik hildako lagunen gorpuak edukitzeko. Legeak espresuki ez galarazi arren, Aretxabaletako Tanatoriora eraman dituzte kasu horiek, bi arrazoi argudiatuz. "Aretxabaletako Tanatoriora eraman ditugu, bertan kamara hermetikoak ditugulako. Arrasatekoa zaharkituta dago, eta ez dauka kamara hermetikorik. Horrez gain, Arrasateko Tanatoriora gorpuak sartzeko senideak dauden guneetatik pasatu behar gara kutxekin. Aretxabaletan ez dugu jendea dagoen tokietatik pasatu behar, eta seguruagoa dela uste dugu".
Mezu anonimoa
Domekan, SOS Mondragon izeneko Twitter kontutik aurrez aipatutako mezu anonimoa zabaldu zuten. Baina kontua sortu eta gutxira, ezabatu egin zuten. Une horietan GOIENA mezuaren igorleekin harremanetan jartzen ahalegindu zen, baina lortu gabe.