Irene Murua Ointxe!-ko jokalaria AEBtara doa saskibaloian jokatzera

Maialen Santos 2020ko api. 18a, 14:40

Ointxe! kirol elkartetik adierazi dute Irene Murua harrobiko jokalaria AEBetara abiatuko dela laster, eta bertan jarraituko duela saskibaloi ibilbidearekin. Hain justu, Louisiana Tech taldean arituko da abuztutik aurrera.

Ointxe!-ko alebin mailan hasi zen saskibaloian jokatzen. Infantil mailan hasi zen nabarmentzen, izan ere, Gipuzkoako zein Euskadiko selekzioarekin deia jaso zuen,hainbat txapelketetan jokatzeko. Ostean, kadete mailan, Espainiako selekzioarekin jokatu zituen hainbat txapelketa. Bartzelona taldearen eskaintza ere jaso zuen kadete mailan. Kadete mailako bigarren urtean, Ointxe!-k garatutako elkarlan proiektuari esker beste harrobiko jokalari batzuekin batera, Ointxe!-Araski taldean jokatu du. Abuztuan, Lousiannara abiatuko da bertako talde batekin bere ibilbidea jarraitzera.

Klubetik adierazi dutenez, Irene "gogotsu" dago ibilbide berriari ekiteko, eta jokalariak dio asko gustatu zitzaiola bertako giroa Louisianara bisitan joan zenean: "Entrenatzaileek eta jokalariek oso ondo sentiarazi ninduten, eta oso eroso sentitu nintzen. Gainera, taldearen joko estiloa gustatu zitzaidan, eta hori oso gauza garrantzitsua da. Ondo moldatuko naizela uste dut ".

Loiusiana Tech taldeko Brooke Stoehr entrenatzailea ere pozik azaldu da fitxaketa berriarekin: "Hunkituta gaude Ireneri Lady Techster familian ongietorria emateaz. Atleta moldakorra da, eta pinturan zein perimetroan jokatzeko gaitasuna du. Irenek ondo pentsatzen du jokoa, eta gure taldearendako laguntza handia izango da ".

Ointxe! taldekoak ere "oso harro" azaldu dira eta "zorterik onena" opa diote Muruari.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak