ALBISTEAK

ELAk salaketa jarriko du Iturbide egoitza kudeatzen dutenen aurka

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko api. 15a, 17:00

Egoitzaren kudeaketaren ardura duen enpresaren eta Foru Aldundiaren aurkako salaketa da ELA lantzen ari dena; salaketa aste honetan bertan jartzeko asmoa dute. Ia 20 egoiliar hil izana "kudeaketa txarraren ondorioa" dela diote.

Gertatzen ari dena "sekulako sarraskia" dela nabarmendu du Debarroko adinekoen egoitzako ELAko arduradun Janire Diazek. Azaldu duenez, langileek orain artean "ez dute izan euren burua babesteko maskararik, eta jantzi duten ekipamendua eskasa izan da". 

Diazek gaineratu du testak orain hasi direla egiten eta horrenbestez, positibo direla orain jakin dutela hainbatek. Hala, azpimarratu du arrisku larrian jarri direla egoiliarren bizitzak, eta baita langileenak eurenak ere.

ELAk emandako datuen arabera 19 langilek eman dute positibo COVID-19aren proban Iturbide egoitzan, eta 26 langile bajan daude –arrisku taldekoak direlako–.

Aldundiaren datuak adineko egoitzen inguruan

Datu orokorrei erreparatuta hamasei izaten jarraitzen dute COVID-19 kasu positiboak dituzten adineko pertsonen egoitzak, 37 lagun eraman dituzte Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eta 35 ospitaleratuta daude.

Gaur arte, adineko 28 lagunek jaso dute alta, 111 hil dira eta 305 kasu positibo daude. 

Bailarako datuak

Debagoienera etorrita Aldundiak emandako datuen  arabera gaur arte 18 adineko hil dira Iturbide egoitzan, eta 62 pertsona daude birusak kutsatuta; Aretxabaletako GSRn, bestalde, pertsona bat hil da, eta sei dira positiboak; eta, Eskoriatzako Jose Arana adinekoen egoitzan hildakorik ez da egon, bai ordea, kutsatutako bi pertsona.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak