Arrasateko EAJk dio euren asignazioak komertzioetan erosteko 500 bonutara joango direla

Xabi Gorostidi 2020ko api. 8a, 12:28

Arrasateko EAJko Udal taldeko bozeramaile Anuska Ezkurra, 2019ko urriko osoko bilkuran.

Alderdiek eta zinegotziek jasotzen dituzten asignazioak COVID-19ari aurre egiteko erabiliko zituztela iragarri, eta berdina egiteko iradoki zieten gainontzeko alderdiei. Asteon jaso dituzte hauen erantzunak, eta horien artean EH Bilduk esaten zuen ez zekitela diru hori, zehazki, zertarako erabiliko zen. Horri erantzunez oharra atera dute gaur jeltzaleek, lau hilabeteko epean jasoko duten dirua 500 bonu gehiago jartzera bideratuko dutela jakinaraziz. 

Oharrean azaltzen dutenez, Udaletik jasotzen duten asignazioa Covid-19ak eragindako egoera arintzera bideratzeko erabakia euren talde munizipalarena izan da, eta diote gainontzeko alderdiek erabaki beharko dutela euren asignazioekin zer egin.

EH Bilduren oharrean Maider Morrasek dietei buruz emandako azalpenei zera erantzun diote: "Dietak direla eta, batzorde informatzaileetara joateagatik 90 euro kobratzen ditu zinegotzi bakoitzak –EH Bildukoak barne– eta organo erabakitzaileetan parte hartzeagatik 180 euro. Zein da aldea bi mota horien artean? Erantzukizun maila. Ez da berdina batzorde bateko buru izan eta erantzukizun legala izatea edo batzorde batetara bertaratzea informazioa jasotzera. Osoko bilkura erabakitzailea denez, 180 euro kobratzen ditu hautetsi bakoitzak, EH Bildukoak barne. Beraz, dietak zinegotzi bakoitzak jasotzen ditu. Gero, zinegotzi bakoitzaren erabaki pertsonala da bere lana ordaintzeko jaso duen dieta nora bideratu: bere alderdira, ONG batera, norberaren poltsikora, ..."

"Gardentasunaren baitan" 2019-2023 agintaldia hasi zenetik martxoaren 31ra arte banatutako asignazio eta dieten zenbatekoa eman dute aditzera. 


[Alderdiko eta zinegotziko asignazioak eta dietak zenbatekoak diren kontsultatzeko, hona hemen agintaldiko lehen osoko bilkuran erabakitako zenbatekoak jasotzen dituen artikulua].

Gaineratzen dute, adibidez, kontratazio mahaiko bileretara joateagatik ez dela dietarik kobratzen, eta bertara "oposizioa ez dela sekula agertzen".  Ostean hausnarketa hau egiten dute EH Bilduko zinegotzi liberatuaren soldatari buruz. "Liberatuen soldatei dagokionean, EH Bilduko liberatuak %33,50 igoera izan du legealdi honetan – aurreko EH Bilduko liberatuaren soldata 29.938  eurokoa zen – eta Aitor Zubiaga jaunak, 40.000 € kobratzen ditu inolako gobernu ardurarik izan gabe".

Azkenik, diote, 930.000 dirulaguntzen inguruan ez dutela EH Bilduren proposamenik jaso. "Noizko zuen proposamena Morras andrea? Guk lanean dihardugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak