Agintaldi berria martxan da, eta atzokoan lehen osoko bilkura egin zuten. Atzokoan, ordea, ez ziren 21 zinegotziak izan, Maider Morras –EH Bilduko zerrendaburua– eta Oscar Garcia –PSE-EEko zerrendaburua– ez baitziren egon.
Politikarien eta alderdien ordainsariak
Hainbat eztabaida sortu ziren atzokoan, baina horietako garrantzitsuena, akaso, Udal karguen dedikazioaren asignazioekin lotutakoa izan zen. Bertan alderdi politikoen, liberatutako politikarien eta zinegotzien ordainsariak zehazten dira, baita, zinegotziek batzar mota bakoitzera joategatik jasotzen duten diru-kopurua ere. Hona zifrak:
Liberatutako politikarien ordainsariak:
- Maria Ubarretxena, %100ean liberatuta: 67.466 euro urtean. Hemen ez da %20 igoera aplikatu, soilik KPIari dagokiona.
- Oscar Garcia, %100ean liberatuta: 39.881 euro –aurreko agintaldian 33.159 eurokoa zen–.
- Ander Garay, %100ean liberatuta: 39.881 euro –aurreko agintaldian 33.159 eurokoa zen–.
- Ibon Arrupe, %55ean liberatuta: 21.935 euro –aurreko agintaldian 18.257 eurokoa zen–.
- Maitane Muñoz, %50ean liberatuta: 19.940 euro –aurreko agintaldian 16.579 eurokoa zen–.
EH Bilduri %100ean liberatutako zinegotzi bat dagokio, EUDELen arabera, eta aurreko agintaldian Eneko Barberena aritu zen liberatu gisa, urteko 29.938 euro kobratuz. Agintaldi berrirako %50ean liberatutako bi zinegotzi edukitzea izan da EH Bilduren nahia; baina ez da posible izan eta laster iragarriko duten nor den liberatuko duten zinegotzia.
EAJrekin hori lortzeko akordio bat egiten ahalegindu direla esan zuen Kepa Urteagak, baina EAJk ez duela horretarako "borondaterik" izan. Anuska Ezkurrak erantzun zion esanez, ez dela EAJren erabakia izan. "Legeak ez du hori onartzen, eta hala jakinarazi dizue idazkariak hiru aldiz".
Alderdi Politiko bakoitzari laguntzak:
- 750 euro hileko. Urteko 9.000 eurokoa da kopurua orain, eta aurreko agintaldia 8.550 eurokoa, beraz %5eko igoera aplikatu da.
Zinegotzi bakoitzeko ordainsariak:
- 200 euro hileko. Aipatu behar da liberatuta dauden zinegotziek ez dutela ordainsari hau jasotzen. Urteko 2.400 euro dira, eta aurreko agintaldian 6.840 euro urteko. Beraz, kontzeptu honetan beherakada nabaria dago; %65ekoa hain zuzen.
- Oharra: Zinegotziko eta alderdiko jasotzen den ordainsaria alderdi politikoak jasotzen du zuzenean.
Batzarretara joategatik ordainsariak edo dietak:
- Batzorde informatzaile batera joateagatik 90 euro, eta batzordeburuen kasuan 180 euro. Aurreko agintaldian 57 jasotzen zituzten zinegotziek eta 115 batzordeburuek; beraz, %56ko igoera aplikatu da kontzeptu hauetan –liberatuek ez dute jasotzen–. Kontzeptu honegatik, asko jota, 7.976 euro jaso ditzakete urtean zinegotziek, eta 13.958 batzordeburuek. Aurreko agintaldian muga hori ez zen existitzen.
- Osoko bilkura batera joateagatik 180 euro zinegotziko, baita Tokiko Gobernu Batzarrera joateagatik.
Arrasaten 21 zinegotzi daude, eta une honetan horietatik bost daude liberatuta. EH Bilduk laster bat liberatuko du, eta sei izango dira, guztira. Sei horiek kanpo utzita, eta osoko bilkurako 180 euro jasotzen dutela kontuan izanda, osoko bilkura bakoitzak 2.700 euroko kostua du ordainsarietan.
Ordainsarien eztabaida
Aurreko puntua onartu ostean, eztabaida piztu zen. EAJko Anuska Ezkurrak adierazi zuen EUDELek ezarritako ordainsarien baremoa aintzat hartuta, 5.000 eta 10.000 biztanle dituzten herrietarako gomendatutako soldatak ezarri dituzte. "Arrasatek 20.000 biztanle dituela kontuan izanik, berez dagokiguna baino gutxiago da. Bergarako Udaleko liberatuen kobratzen duten soldatarekin parekatu ditugu, eta Bergarak 15.000 biztanle ditu".
"Parekatu" hitza erabili zuen Ezkurrak, baina Arrasatekoak pixka bat beherago daude. Bergaran %100ean liberatuta dagoen zinegotzi batek 41.000 euro jasotzen ditu urtean, eta Arrasaten, aldiz, 39.881. Baina alkateari dagokionez, Arrasate gainetik dago: 67.466 euro Arrasatekoak eta 51.000 Bergarakoak.
EH Bilduko Kepa Urteagak gehiegizkotzat jo zituen liberatuen ordainsarien igoerak, aurrez soldata "duinak" zituztela argudiatuz. "Liberatuen asignazioa igo dute, baina gainontzeko alderdiek jasotzen duguna jaitsi egin da. Horrek EH Bildu eta Elkarrekin Podemos kaltetzen ditu".
Elkarrekin Podemoseko Igor Urizarrek bat egin zuen EH Bilduren iritziarekin, eta esan zuen igoera ez dela "onargarria" Arrasatek bailarako langabezia-tasa handia duenean.
Urteagak azaldu du bereziki Elkarrekin Podemos kaltetuta irteten dela, "zinegotziko kopurua jaitsi delako", eta dieta kopuruetan "tope" bat jarri delako. Aurreko agintaldian Baleikeko bi zinegotziak ez zeuden liberatuta, baina ordainsarien bidez "1.000 euro inguruko" soldata jasotzen zuten. Agintaldi berrian, Urizar bakarrik dagoenez, batzorde guztietara joan beharko da, eta dietetan jarritako mugak zuzenean eragingo dio.
Hamar batzorde
Eguneko lehen puntuan Batzorde Informatzaileak osatzea onartu zuten. Agintaldi berrian hamar izango dira guztira, aurrekoan baino bat gehiago, eta hauek izango dira bertako arduradunak.
Batzorde batzuk izen berriak dituzte, eta funtzio bat baino gehiago izango dute. Horrez gain, batzorde truke batzuk izan dira EAJkoen eta PSE-EEren artean aurreko agintaldiarekin alderatuta: besteak beste, turismoa eta tokiko merkataritza EAJk kudeatuko ditu, eta berdintasuna, ordea, sozialistek.
- Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak: Oscar Garcia (PSE-EE)
- Berdintasuna: Joana Sanchez (PSE-EE).
- Hirigintza, Ingurumena eta Mugikortasuna: Ibon Arrupe (EAJ).
- Kirola: Ander Garay (EAJ).
- Barne Antolaketa: Ander Garay (EAJ). Honako udal sailez arduratuko da batzorde berri hau: Ogasuna eta Pertsonala.
- Garapen Komunitarioa: Maitane Muñoz (EAJ). Honako udal sailez arduratuko da batzorde berri hau: Gizarte Zerbitzuak eta Gazteria.
- Hezkuntza eta Enplegua: Edurne Unamuno (EAJ). Bi sail horiez gain, Turismo saila ere izango du barne.
- Kultura eta Euskara: Juan Ramon Mendieta (EAJ).
- Tokiko Merkataritza: Amaia Zeziaga (EAJ)
- Bizikidetza eta parte hartzea: Anuska Ezkurra (EAJ). Batzorde berri hau iazko bizikidetza mahaiaren jarraipen moduko bat da, eta herritarren parte hartze prozesuak ere kudeatuko ditu.