ALBISTEAK

Arrasateko Udalak 930.000 euroko laguntza ekonomikoa aktibatuko du

Xabi Gorostidi 2020ko api. 3a, 13:37

Besteak beste, hamabost langiletik behera dituzten enpresei hiru zerga eta tasa kenduko dizkie lehen seihilekoan, 300.000 euro jarriko dituzte herriko komertzio eta negozioetan gastatzeko bonuetarako, eta kiroldegia itxita egongo den epean ez dituzte abonatu-kuotak eta ikastaroak kobratuko. Aretxabaletan ere antzerako neurri batzuk hartu dituzte, koronabirusaren ondorio ekonomikoak arintzeko. 

Arrasateko Udalak ia milioi bat euroko neurri ekonomikoak hartuko ditu, koronabirusaren eraginak baretzeko.

Jaurlaritza eta Aldundiak emango dituzten laguntzen osagarri izango dira, eta lau ildo nagusitan banatuko dituzte: zerga eta tasak, komertzioari laguntzak, kiroldegiko kuotak eta larrialdietarako laguntzak. 

Zerga eta tasekin lotuta, hamabost langiletik behera dituzten negozioei hiru tasa ezabatuko dizkiete urtarriletik ekainera: zaborrarena, urarena eta bide publikoaren okupazioarena –terrazak eta bestelakoak jartzeagatik ordaintzen den tasa–. "Neurri honekin 656 negozio laguntzen dira eta neurri hauek 330.000 eurotako balioa dute".

Komertzioei laguntzeko 350.000 euro eta hiru neurri iragarri dituzte. Lehenik, Arrasateko komertzioetan edo autonomoetan –iturgin, igeltsero, ile-apaindegi…– gastatzeko 15.000 bonu aterako dituzte, 30 euroko balioa izango dutenak. 10 euro erosleek jarriko dituzte eta gainontzeko 20 euroak, aldiz, Udalak. Helburu bikoitza izango du neurriak: diru-sarrerak gutxi zaizkien herritarren gastu ahalmena handitzea, eta gastu horiek herriko komertzioetan egitea bermatzea. Aurrerago zehaztuko non, nola eta zein baldintzetan eskuratu ahalko diren bonuak.

Bigarrenik, 25.000 euro jarriko dituzte herriko komertzioetan erosteko sentsibilizazio kanpaina baterako, eta, azkenik, 25.000 euro, kalean egingo diren kultur ekitaldi gehigarriak egiteko. "Kaleetan aktibitateak daudenean herriko komertzioek eskertzen dute". 

Kiroldegiko erabiltzaileei ere emango dizkiete laguntzak. Dekretu bidez instalakuntzak itxi zituzten martxoaren 13an, beraz, hortik eta ateak berriz zabaldu arteko abonatu-kuotaren eta ikastaroen prezioaren kopuru proportzionala hobarian emango diete erabiltzaileei. "Lasaitasun mezua helarazi nahi diegu erabiltzaileei. Askok deitu dute egun hauetan, abonua bertan behera uzteko asmoz, baina jakin dezatela itxita egongo den denbora tarte hori ez zaiela kobratuko". 

Azkenik, gizarte larrialditarako laguntzetan 129.000 euro gehiago jarriko dituzte. Lehendik 300.000 zituzten, eta orain ordea 429.000. laguntza hauek egoera zaurgarrian dauden herritarrentzako dira, eta nagusiki janaria edukitzera bideratzen dira. Gurutze Gorriak kudeatzen du laguntza hau, eta espeziatan ordaintzetan da. 

Aretxabaletan ere hartu dituzte neurri ekonomikoak

Arrasate, ordea, ez da izan laguntza ekonomikoak iragarri dituen herri bakarra, Aretxabaletan ere neurriak hartu dituzte eta. Adibidez, ateak itxi dituzten negozioei ez dizkiete uraren eta zaborren tasak kobratuko urteko lehen sei hilabeteetan, eta terrazen tasa ez dute urte osoan kobratuko. 

Aretxabaletan ere herriko komertzioetan erabiltzeko bonuak aterako dituzte. Urte amaiera arte hilero mila bonu aterako dituzte, 10 eurokoak, eta horiek herena Udalak ordainduko du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak