Zer gertatuko da hamabost egun baino gehiago izaten badira?
Orain esan digute hamabost egun izango direla, eta ezinezkoa ikusten dugu horrenbeste egun konfinatuta egotea. Baina argi daukat gizakiok edozein egoeratara moldatzeko gaitasuna dugula. Are gehiago, inposatutako egoera denean. Beharrak berak agerian ipintzen digu bizirik irauteko dugun sena. Oztopo bakarra izan daiteke etsipena. Koronabirusa buruan bueltaka badaukagu, ezinezkoa izango da barnean daukagun bizi-iraute ahalmena azaleratzea. Uste dut hamabosgarren egunerako barneratuta izango dugula bizi dugun egoera. Normaltzat hartuko dugu.
Derrepente, kaleak hustu egin dira, eta etxeak bete. Nola kudeatu behar da egoera berri hori?
Ohitura batzuk finkatuko nituzke nik. Umeen kasuan, jaikitzeko ordu bat zehaztu, haginak garbitu, gosaldu, etxeko lanak egin... Eta oso inportantea da pijama erantzi eta kaleko arropa ipintzea. Ez gaude etxean oporretan, deskantsatzen. Betebehar batzuk ditugu. Aktibo egon behar dugu. Aholku horiek berberak lirateke helduendako. Gaineratuko nuke egoera hau luzatzen den heinean etxeko kideen arteko harremanak proba moduan egongo direla. Hori horrela, oso inportantea litzateke, helduek bereziki, eurendako espazio bat topatzea. Lasai eta bakarrik egoteko tarte bat. Errekurtso horiek freskoago mantenduko dute etxeko giroa.
Telelana, ikasleak etxetik eskolak hartzen, kirola etxean egiten... Hori ere ezohikoa da.
Eta horregatik izan daitezke arriskutsuak egoera horiek. Etxetik lan egiteak edo eskolak hartzeak edo kirola egiteak ez du esan gura erlaxatu egin behar dugunik. Etxean gaude behartuta, baina autodiziplina ezinbestekoa da horiek aurrera ateratzeko. Kaos egoerak ikusi dira; batez ere, supermerkatuetan.
Kutsakorrak dira histeria puntu horiek?
Bai. Beldurra oso kutsakorra da. Une honetan, gaixotzeko daukagun beldurra gaixotasuna bera baino arriskutsuagoa izan daiteke. Eta paranoia bilakatzen bada, baita mingarria ere. Alarma egoera kentzen dutenean, nolakoa izango da normaltasunerako itzulera? Kosta egingo zaigu, ohituren menpe gauden heinean. Konfinamendu egoeratik ateratzen garenean, gogorra izango da normaltasunera itzultzea, gizartea ez delako berbera izango. Hamabost egun baino gehiago beharko ditugu; eta egoera ez da berbera izango, gainera.