Arrasateko Kantari saioak grabatu dituzte asteburuan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko mar. 9a, 16:45

Goienak ekoizten duen Kantari euskal karaoke saioko kapitulu berriak grabatu dituzte asteburuan Amaia antzokian. Zapatu eta domeka bitartean Arrasateko eta Aramaioko 200tik gora haur eta gazte izan dira agertokian protagonista.

Urduritasuna eta aldi berean taularen gainera igotzeko poza sentimenduak nahasten dira parte-hartzaileen  artean; guztiek, erakutsi zuten, baina, etxeko-lanak ondo eginda eraman zituztela. Kantarin estreinako aldia zuten batzuk, eta aurreko aldietan parte hartutakoak ziren beste batzuk. Kantari saioak grabatu ahal izateko lan-talde zabala dago atzean lanean, horien artean, mikrofonoak jartzeaz arduratzen direnak, eta diote parte-hartzaileak, orokorrean ondo prestatuta joaten direla.

Ane Rot, gonbidatu berezia

Zazpi eta hamaika urte bitarteko artistez gainera, gonbidatu bereziak ere izaten dira Kantari saioetan; horien artean, Ane Rot Arrasateko abeslaria pozarren igo zen taularen gainera. Telebista saio askotan abestu du Rotek, lehenengo aldia, baina, Kantari saioan izan dela ekarri du gogora.

Apirilean Goiena telebistan ikusgai

Apirilean izango da Amaia antzokian grabatutako hamar saioak Goiena telebistan ikusteko aukera. Astebururo hiru saio estreinatuko dira, goizez, 9:00etan, 9:30ean eta 10:00etan, eta, arratsaldez, 17:00etan, 17:30ean eta 18:00etan, eta astean zehar ere Kantari saio horiek telebistan ikusteko aukera gehiago izango dira.

Datorren asteburuan, Bergarako grabaketak

Honenbestez, Debagoieneko Kantari saioen grabaketak bukatzear daude, asteburuan Bergarako, Elgetako eta Antzuolako haurren eta gazteen txanda izango da Bergarako Zabalotegin zapatuan eta domekan, arratsaldeko 16:00etatik 20:00ak bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak