Aurreko bi greba egunen balantzea ikusita, milaka emakumeren inplikazioa bultzatzeko eta greba kontzeptua bera zabaltzeko eta birdefinitzeko balio izan duela azpimarratu Mugimendu Feministatik. Aurtengo Emakumeen Nazioarteko Eguna domeka izango da eta antolatzaileek ez dute grebarik deitu, baina mugimendu feministatik mezu argia bota dute, grebarik eza ahultasun bezala interpretatu dutenentzat: "Aurten ez dugunez greba egunik deitu, gure aldetik ezintasun bat edo su eten moduko bat dagoela ikusarazi nahi izan dute batzuek; baina ez bata, ez bestea".
Aurtengo aldarrien artean, eredu kapitalistarekin amaitzeko feminismoaren beharra azpimarratu dute: "Jendarte eredu hau bizigaitza da pertsona gehienontzat; batez ere, emakumeentzat eta genero disidenteentzat. Ez dugu berdintasun formalik nahi, ezta mugarik gabe kontsumitzeko, eta pertsonak eta lurraldeak esplotatzeko berdintasunik nahi. Ez dugu nahi munduko beste leku batzuetan, eta gure inguruan, emakume askoren esplotazioan sakontzen duen errezeta neoliberalik. Tokian toki jarduten dugu, planeta osoko gure ahizpa feministekin konektatuta egoteak ematen digun ikuspegi global eta aberatsarekin. Beraz, Martxoaren 8 honetan, suntsitzen gaituen kapitalismo basatiari aurre egingo dion feminismoa aldarrikatuko dugu".
Gorputz eta sexu askatasuna, gorputzen merkantilizazioa eta binarismoa borrokatzeko beharra, gorputzarekiko eskubidea, sexu eta ugalketa eskubidea, sexu askatasuna ere defendatuko dituzte, eta azkenaldian indarra hartu duten "eskuin muturreko" alderdi politikoei feminismo antifaxistarekin erantzun nahi diete: "Gaur eta beti, eskuin mutur erreakzionario eta misogino eta homofoboari aurre egingo dion feminismo antifaxista defendatuko dugu".
Debagoienean askotariko ekintzak egongo dira domeketan. Herri ia guztietan mobilizazioak izango dira, manifestazio edo elkarretaratze formatuan, eta herri gehienetan ere bazkariak egingo dituzte. Aipatzea ere, Aretxabaleta eta Eskoriatza egingo duten Aresko martxa, edo Oñatin egingo dute Bortxatzailea zu zara performance-a. Abisu bat ere bai, izan ere bihar Arrasateko Seber Altube Plazan egitekoa zen emakume artisau eta baserritarren azoka bertan behera geratu dela, haize bortitzen aurreikuspenagatik. Herririk herri domekan egingo diren ekintzen ordutegia eta kokalekua jaiteko, GOIENA aldizkariak gehigarri berezia dakar gaur, egitaraua osatuarekin, eta Goiena.eus webgunean ere aurki dezakezue, hitzorduei buruzko informazio zehatza.