Arrasateko alde zaharra eraberritzeko plan "malguago" baten alde azaldu da EH Bildu

Maialen Santos 2020ko ots. 27a, 13:33

Irailean Arrasateko Udal Gobernuak Herrigune Historikoa Eta Errabalak Erabat Birgaitzeko Plan bereziaren gaineko proposamenak egin ostean, EH Bilduk bere lanketa propioa egin du orain. "Malgutasuna" eta alde zaharraren "bizia" mantentzearen alde azaldu da alderdia. 

Maider Morras Arrasateko EH Bilduko bozeramaileak azaldu du alde zaharra "historikoa" den heinean, babesa eta neurri batuzk matendu beharra "ondo dagoela", baina arauek askotan "mugak" eragiten dituztela; esaterako, komertzioak itxita egotea ezin dituztelako arau horiek bete, edota etxebizitza zaharkituak eta irisgarritasun gutxikoak izatea gune horretan. Azaldu duenez, arau batzuek alde zaharreko bizitza "pobretu" egin dute. 

Hala, alde zaharra "bizirik" mantendu dadin zenbait proposamen egin dituzte. Alde batetik, lokal komertzial txikietan komun bat baino gehiago jartzea desproportzionatua dela azaldu dute; eta horren aurrean, elbarrituentzako egokituta dagoen komun bat jartzea proposatu dute, edonork erabili dezan.

Horretaz gain, Alai zineman etxebizitzak egitearen aurka azaldu dira: "Udal Gobernutik planteatu da bertan etxebizitzak egitea, eta EH Bildu ez dator bat horrekin". Gaineratu duenez, euren aburuz espazio hori "zerbitzuetarako" erabiltzea ideia ona litzateke; esaterako, Emakumeen Txokoa bertan jartzeko, Udal Artxiborako edota liburutegiko hedapen modura. 

Bestalde, alde zaharrean garajeen erabilera sustatzearen kontra ere azaldu dira, horrek ibilgailuen joan-etorria areagotuko lukeelakoan. Eta diotenez, alde zaharrak batez ere oinezkoentzako behar luke izan. 

Komertziorako espezifikoki, PERa "malgutzea" ere eskatu dute, hutsik dauden komertzioen bizitza eta ekintzaile komertzialak sustatu gura dituzte eta, "egun komertzio asko itxita daudelako". Azkenik, adierazi dute alde zaharrean zuntz optikoa  jartzea udaletxeak bere gain hartu beharko lukeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak